Kazeta

Bi astez euskarazko eskaintza andana Baxe Nafarroan

Euskal Elkargoak Euskararen Urtaroa bosgarren urtez antolatu du Baxe Nafarroan. Euskararen erabilera sustatzeko “Euskararen hamabostaldia” azaroaren 10etik 23ra eginen da eta programak 24 ekitaldi jasotzen ditu.

Euskararen erabilpena sustatzeko, Irulegiko sotoen bisita bat antolatua da. (Arretxea sotoko artxibo argazkia) © Gaizka IROZ
Euskararen erabilpena sustatzeko, Irulegiko sotoen bisita bat antolatua da. (Arretxea sotoko artxibo argazkia) © Gaizka IROZ

Euskal Elkargoak, Baxe Nafarroako herriko etxe eta elkarteekin lankidetzan Euskararen Urtaroaren bosgarren edizioa antolatu du. Heldu den azaroaren 10etik 23ra ospatuko den hamabostaldian, hamalau herritan euskaraz gozatzeko hogeitik goiti ekitaldi antolatu dira.

Igorritako oharrean, Ipar Euskal Herriko instituzioak gogora ekarri nahi izan du joan den ekainaren 23an euskara lurraldeko hizkuntza gisa ofizialki aitortu zuela eta bere hizkuntza politikak euskararen transmisioa eta praktika sustatzea dituela helburu. Botere publiko eta gizarte zibilaren arteko mobilizazioaren beharra azpimarratuz, Euskararen Urtaroak xede horiekin bete-betean bat egiten duela adierazi du.

Hogeitik goiti ekitaldi

Hamabostaldiaren abiatze ekitaldia azaroaren 10ean iraganen da, Armendaritzeko herriko gelan. Arratsaldeko 18.00etatik goiti galdera honen inguruko eztabaida proposatuko da: “Zein da euskarak Baxe Nafarroako elkarte, enpresa eta espazio publikoan duen lekua?”. Erreportaia labur batzuen bidez, hainbat lekukotasun ezagutaraziko dira.

Hortik aitzinako egitarauak, erakusketak, mintzaldiak, tailerrak, zine gaualdiak, dastaketak, haur eta helduentzat ikusgarriak edota bisita gidatuak jasotzen ditu. Beraz, gogoetarako eta euskaraz libertitzeko aukerarik ez da faltako.

Solasaldietan hainbat eremu landuko dira. Konparazio batera, azaroaren 14an, Bidarrain lan bilkura bat eginen da eskolaz kanpoko jardueretan euskararen erabilera bultzatzeko. Bi egun geroago, Larzabalen ikasleen hizkuntza jokamoldeen inguruko inkesta baten berri emanen da, Arrue proiektuko Pablo Suberbiola hizlari dela. Azaroaren 23an berriz, Baigorrin Irulegiko sotoaren bisita egin ondotik, hizkuntza ohituren aldaketa landuko da Pello Jauregiren mintzaldiarekin.

Egitarau osoa Euskal Elkargoaren atarian ikusten ahal da.