Txotxongiloak eta antzerkia Kultura Bidean proiektuaren baitan

Euskal Elkargoaren Kultura Bidean proiektuaren barnean, azaroaren 16 eta 17an Larresoro, Hazparne eta Beskoitzen objektu antzerkiaz eta txotxongiloez gozatzeko parada izanen da.

Kazeta|2018/11/08 06:50|0 iruzkin
Marionetas
Txotxongiloez gozatzeko parada Kultura Bidean proiektuak.

Euskal Elkargoak abian duen Kultura Bidean proiektua haur, gazte eta nerabeei zuzentzen zaie nagusiki. Egitasmo honek kultur sormena, obra nahiz artistekin topaketak eta ikusle-aktore izateko ikaskuntza ditu hiru ardatz nagusiak.

Instituzioaren Haurtzaro, Gazteria eta Arte zerbitzuak azarorako hiru ikusgarri proposatu ditu. 16an, ostiralez, Larresoroko herriko gelan “Kumulunimbu” obra ikusi ahalko da. Kataluniatik heldu den Cie Ortiga konpainiaren ikusgarri hau 20.30ean hasiko da.

Azaroaren 17an berriz, bi emanaldi izanen dira. Goizeko 10.00etan Hazparneko Emile Lavigne gelan, Teatro Golondrinoren “L´évadée” txotxongilo obraz gozatzeko parada izanen da. Arratsaldeko 18.00etan Beskoitzek hartuko du lekukoa. 2006an Pragan sorturiko Cie Mouka taldeak, “L´enfant sucre” objektu antzerkia eskainiko du Bixintxo kultur gunean.

Emanaldi hauen xehetasunak ezagutu eta erreserbak egiteko Kultura Bidean proiektuaren atarira jotzen ahal da.