Kazeta

Lurramaren mintzaldiek laborantza elikatzailea izanen dute ardatz

Azaroaren 16, 17 eta 18an Biarritzeko Irati erakustazokan iraganen den Lurrama azokaren gai nagusia Laborantza Politika Bateratua (LPB) izanen da. Laborantzaren xedeak elikadura ekoiztea izan behar duela azpimarratzeko, mintzaldi eta mahai inguru ugari eginen dira

Adin guzietako publiko batentzako eskaintza prestatu dute Lurramako antolatzaileek. © Isabelle MIQUELESTORENA
Adin guzietako publiko batentzako eskaintza prestatu dute Lurramako antolatzaileek. © Isabelle MIQUELESTORENA

Laborantza Politika Bateratua (LPB) izanki aurtengo Lurramaren gai zentrala, azokaren antolatzaileek gogoetarako mintzaldi andana bat prestatu dute. Azpimarra egin dute laborantzaren helburua elikadura ekoiztea dela eta beraz, LPB-k laborantza herrikoia sustatu behar lukeela.   

Gogoetaldiari azaroaren 8an emanen zaio hastapena. Biarritzeko Royal zine gelan Paul Moreiraren “Bientôt dans vos assiettes (de gré ou de force)” filma eman ondotik, solasaldia eginen da Daniel Barberena eta Iker Elosegi Euskal Herriko Laborantza Ganbarako (EHLG) kideekin.

Azaroaren 16 eta 17an egitarau betea

Azokak ateak zabalduko dituen egunean, goizeko 10.00etan “Sukaldari eta laborari belaunaldi berri bat Euskal Herriko laborantza herrikoiaren zerbitzuko” izeneko mahai ingurua iraganen da. Xavier Hamon sukaldariak, Christian Aguerre laborariak eta Arturo Villanueva ostalariak parte hartuko dute.

Egun bereko arratsaldeko 15.00etan “La négociation” filma ikusi ahalko da, segidan Eric Andrieu eurodiputatuak hitza hartuko duelarik. 17.00etan LPB-ren erreformari buruz jardungo dira, bereziki politika elikatzaile baten aldeko proposamenak entzungo direlarik. Gérard Choplin (2019ko Lurramako aitabitxia), Eric Andrieu bera eta Laurent Pinatel (Confédération Paysanne) izanen dira hizlari.

Biharamuna ere mintzaldiz betea heldu da. Goizeko 11.00etan “zein laborantza eta elikadura politika Ipar Euskal Herrian?” galderari erantzuten entseatuko dira Panpi Sainte-Marie (ELB), Maryse Cachenaut (EHLG) eta Michel Etchebest (Euskal Elkargoko lehendakari ordea).

Bestetik, Notre-Dame-des-Landes-eko aireportu proiektua baztertu ondotik, ZADeko lurren geroa aztergai izanen dute 15.00etan, Camille eta Violette ZADeko biztanle eta Mauvaise Troupe taldeko kideen partaidetzarekin.

17.00etan lobbyek elikaduran jokatzen duten papera eztabaidatuko dute. Hizlarien artean dira Benoît Biteau (Charente-Maritimeko laboraria), Loïc Prud´homme (diputatua) eta bideo bidez ingurumen ministro izandako Corinne Lepage.

Aurtengo gogoetaldiei Arnaud Brugierren “Les petits gars de la campagne” filmarekin emanen zaie amaiera.