Kazeta

Baiona euskal emakume errugbilarien topaleku bihurtuko da

Heldu den azaroaren 17an Euskal Herriko Emakume Errugbilarien II. Topaketa eginen da Baionan. Egun horretan euskal herrialdeen artean jokatuko diren partidez gain, azaroan zehar argazki erakusketa bat eta ikastetxeetan tailerrak iraganen dira.

Euskal Herriko emakume errugbilarien II. topaketaren aurkezpena, Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Euskal Herriko emakume errugbilarien II. topaketaren aurkezpena, Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Lurraldeen arteko kohesioa indartu eta euskal emakumeen arteko kirol topaketak sustatu. Horiek dira Udalbiltzak finkatutako helburuak Euskal Herriko Emakume Errugbilarien 2. topaketa kari. Azaroaren 17an Baionako ASB klubaren zelaian iraganen den ekimenean Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Lapurditik etorritako bost taldek parte hartuko dute.

Udalbiltzako lehendakaria den Luis Intxauspek azaroaren 6an eskainitako agerraldian "kirola kohesiorako tresna garrantzitsua" dela azpimarratu du. Bere aburuz, Euskal Herrian errugbiaren aitortza "falta da" eta problematika honi aurre egiteko funtsezkotzat jo du federazioen, elkarteen zein herritarren arteko lankidetza.

Halaber, topaketa honen bidez, kirolean diharduten emazte guztien ibilbidea txalotu nahi du, gisa berean kirol instituzioetan presente izateko lan egiten dutenak omenduz. Ildo horretatik, Maider Jauregi ASBko jokalari ohia sarituko duela iragarri du presidenteak. Baxe Nafarroako kirolaria ekimenaren amabitxia izanen dela gehitu du.

Cyrille Laiguillon Baionako Herriko Etxeko langileak Herriko Etxea ekimen honetan parte hartzeaz "harro" dagoela aitortu du. Cascareigt zelaian iragatearen garrantzia azpimarratu du, horrek, bere iritziz, "emakumeen kirolak auzoetara hedatzea laguntzen duelako". Bere erranetan, "kultura, kirola eta hezkuntza" batzen dituen egitasmoa da. Hain zuzen, proiektu honen baitan, errugbi ikastaroak antolatzeko gonbidapenak luzatu dizkiete Seaskako hiru kolegioei.

Azaroaren 17an, arratsaldeko 15.00etatik goiti Ipar Baionako ASBren errugbi zelaian euskal herrialdeak lehiatuko dira. Denak denen kontra itzuli bakarrean jokatu ondotik, “hirugarren denboran” erabakiko da garailea.

Errugbi tailerrak ikastetxeetan

Azaroaren 6tik 18ra Baionako Euskal Museoan euskal emakume errugbilariei buruzko argazki erakusketa ere ikusi ahalko da. Gisa berean, hilabete osoan zehar, Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan errugbi tailerrak proposatuko dituzte. Hainbat jokalarik ikasleei errugbiaren inguruko oinarrizko nozioak irakatsiko dizkiete.



Topaketen lehen edizioa Gasteizen egin zen duela bi urte. Orduko hartan, torneoan Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako selekzioak eta Baionako ASB aritu ziren elkarren kontra, lapurtarrak nagusitu zirelarik.