Kazeta

Posta bulegoaren hestearekin kolpe berria jasoko du Hendaiak

Estatu frantses osoan ez ezik, Ipar Euskal Herrian ere hainbat posta bulego hesten ari dira. Joan den hilabetean Pausun gertatu bezala, heldu den urte hastapenean Hendaiako hondartza inguruetan kokatua den bulegoarekin gauza bera eginen du La Poste-k.

Bulegoen hesteak azken urteetan La Poste Estatu frantsesean gauzatzen ari den plan oso baten baitan kokatzen dira.
Bulegoen hesteak azken urteetan La Poste Estatu frantsesean gauzatzen ari den plan oso baten baitan kokatzen dira.

Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak gutun bidez jakin zuen hondartza inguruetan kokatua den posta bulegoa heldu den urtearen hastapenean hetsiko dutela. Gutunean posta bulegoko zuzendari nagusiak auzapezari hitzordu bat proposatu dio eta hau “behin kaltea egina izan denean” heldu dela deitoratu du Ecenarrok.

La Poste-n zuzendaritzak bulegoaren hestea zerbitzuaren erabilera apaldu delako justifikatu du. Hendaiako auzapezak ez du berdin ikusten. “Hondartzako bulegoak Hendaian urte osoan bizi den jendeari baitezpadako zerbitzua ematen dio. Hestearekin hutsune bat sentituko dugu”, erantsi du. CGT sindikatuak, bere aldetik, zerbitzu hori herritarrentzat beharrezkoa dela adierazi eta hiru ordutan 200 izenpetura bildu zituen antolaturiko petizioan.    

Bulegoen ordez saltegiak

Behin bulegoa hesten dutelarik, posta zerbitzua auzo mailako supermerkatu ttipi batek eskainiko du. La Poste-n zuzendaritzaren arabera, ordezkapen honekin erabiltzaileek ordutegi zabalagoa izanen dute. Alta, hori horrela izateak ez ditu banketxearen zerbitzuak bermatuko eta aholkuak ere ainitzez apalagoak izanen dira.  

Hendaiako bulegoaren hestea azken urteetan La Poste Estatu frantsesean gauzatzen ari den plan oso baten baitan kokatzen da. Landa eremuekin hasi eta hesteak bizkortu izan dituzte hiriguneetara jauzi egin aitzin. Ordezkapen bat gertatzen ari da, posta zerbitzua saltegi ttipien esku geratzen ari baita. Pausuko kasuan, joan den irailetik postaren ardura bertako prentsa saltegiak hartu du beregain, bere ohiko aktibitateari zerbitzu berria gehituz.