Kazeta

Azken “Zutabe”-an ETAk 2.606 ekintza eta 774 heriotza hartu zituen bere gain

Desegitea iragarri aitzineko hilabeteko “Zutabe”-an, ETAk ia 50 urteko ekinbide armatuaren zifrak islatu zituen. 774 heriotza eragin izana aitortu zuen, Barne Ministerio espainiarrak eta zenbait biktima elkartek egotzitakoak baino kopuru aski apalagoa. Azaroaren 6an argitaraturiko artikuluan GARA egunkariak ETAren aldizkarian jasotzen diren xehetasunen berri eman du.

ETAk idatzitakoaren arabera, Guardia Zibilaren kontrako 365 ekintza egin zituen.
ETAk idatzitakoaren arabera, Guardia Zibilaren kontrako 365 ekintza egin zituen.

GARA egunkariak ETAk 2018ko apirileko data duen “Zutabea” eskuratu ahal izan duela jakinarazi du. Barne aldizkari horretan, erakundearen ekinbide armatuak ukan duen hedadura eta ezaugarriak jasotzen dira. Zehazten denez, “2009ko agorrilaren 9an, 18.00etan, ETAk Mallorcako Plaza Nagusiko galerietan leherrarazi zuen bere azken lehergailua”. Berantago gertatuko zen Jean-Serge Nerin polizia frantsesaren heriotza eragin zuen “ustekabeko enfrentamendua”.

Txosten sakonago baten laburpen gisara aurkezturiko testuak gatazkaren egia finkatzeko datu garrantzitsuak eskaintzen ditu. ETAk bere gain hartzen du 774 pertsonen heriotza.  Beraz, alde handia bada Barne Ministerio espainiarrak eta FVT-k (terrorismoaren biktimen fundazioa) aipatzen dituzten 853 eta 829ko kopuruekin. Baita AVT (terrorismoaren biktimen elkartea) edo Covitek ETAri egozten dizkioten ekintza faltsuei dagokienez ere. Horien artean legoke Aragoiko Corona Hotelean 1979an gertaturiko sutea, zeinean 83 hildako izan baitziren. Beste erakunde batzuk egindako ekintzak ere egozten zaizkio (ezagunena 1961ean Begoña Urroz haurrarena), gerra zikinak eragindakoak...

Ekintza armatuei dagokienez, dokumentuan orain arte ETAk bere egin ez zituen bi ekintzaren ardura hartzen du: 1981ean poliziak zirelakoan Tolosan eragindako hiru pertsonen heriotza eta 1974an Madrileko Correo kaleko kafetegi bateko leherketa, zeinaren ondorioz 13 pertsonak bizia galdu baitzuten. “Soilik haietako bik zuten Segurtasun Nagusiko Zuzendaritzarekin (DGS) zerikusia”, azaltzen du testuak.

Bost hamarkadetan zehar egindako kanpaina armatuak frogatzeko moduko datuekin laburtzen dira. ETAk idatzitakoaren arabera, Guardia Zibilaren kontrako 365 ekintza egin zituen, 186 guardia zibilen heriotza eraginez; polizia espainiarren kontrako 215 ekintzetan berriz, 139k galdu zuten bizia; armada espainiarren kontrako 147 ekintzei dagokienez, 101 militar hil ziren (zehazten duenez, “haien artean, almirante bat, bi almiranteorde, hamabi jeneral, 31 koronel, zazpi kapitain eta hamaika komandante”), armadako hamaika funtzionario zibilez gain.  

Argipenak eta azpimarrak

Azken “Zutabe”-an, ETAk bere ekinbide armatuaren inguruko hainbat zehaztasun jaso zituen. Horrela, Meliton Manzanasen kontrako ekintzari buruz, testuak dio erabaki hori “Txabi Etxebarrieta ETAren gudariaren” heriotza aitzin frankismoari buru egiteko hartu zuela eta ez, Etxebarrietaren heriotzaren erantzun gisara.

Carrero Blancoren kontra 1973an egin zuen ekintzaz berriz, ordura arte Estatu espainiarraren kontrako kolperik handiena izan zela adierazi zuen ETAk. Horren ondorioz, bere irakurketaren arabera, orduko presidente espainiarra eta Francoren ondorengoa izango zena hilda, diktaduraren amaiera bizkortu zen.

Bestetik, Lemoizko zentral nuklearraren aitzineko garaipenean, ETAren ekarpena erabakigarria izan zela azpimarratzen du idazkiak. Gisa horretan, Lemoizen herri sektore ainitzek borroka armatua eraginkor ikusi zutela jasotzen da, borroka molde guzien arteko osagarritasuna erakutsi zelarik.

Bere akats eta zorigaitz handientzat jo zuen ETAk Hipercorren egindako ekintza armatua. Berretsi zuen ekintza aitzin informatu zuela, baina arduradun polizial eta politikoek eraikina ez husteko erabakia hartu zutela. Alta, hori horrela izanik ere, itzal handia utzi zuela aitortu zuen ETAk, bai eragindako ondorio humano eta minagatik, bai borroka armatuaren ezaugarriez sortu zituen zalantzengatik.   

Jose María Aznar presidente espainiar izan zenaren kontra ere lau aldiz ekiten entseatu zela jasotzen da testuan. Aznar oraindik presidentegai zela 1995an ezarritako auto-bonbaz gain, 2001ean hegazkinean zihoala misil bidez hiru saiaketa egin zituen. Espainiako erregearen kontra 1995an Mallorcan egindako saiakera ere aipatzen da.  

Azkenik, azpimarratukoen artean, 90eko hamarkadan ETAk motibazio ekonomikoengatik egindako bahiketa luzeak ere jasotzen dira, zeinak konfrontazio handia eragin baitzuten. Horien artean aipagai dira Jose Maria Aldaia enpresariarena (342 egun) eta Cosme Delclauxena (232 egun).

GARA egunkariaren artikuluan bost hamarkadetan zehar ETAk borroka armatuaren erabileran egin izan dituen kanpainak eta egokitzapenak aipatzen dira, aldi bakoitzeko egoerari eta bere gogoeta politikoari erreferentzia eginez.