KAZETA

Poitou-Charentes izanen da Lurramaren ohorezko gomita

Hautatutako eskualdeko laborantzaren erronkak eta hango mozkinak ezagutzeko parada eskainiko du azokak, beste animazio anitzen artean.

Adin guzietako publiko batentzako eskaintza prestatu dute Lurramako antolatzaileek. © Isabelle MIQUELESTORENA
Adin guzietako publiko batentzako eskaintza prestatu dute Lurramako antolatzaileek. © Isabelle MIQUELESTORENA

Urteroko gisan, Lurramak lurralde edo eskualde bat gomitatzen du. Aurten, Poitou-Charentes eskualdeko laborariak jinen dira Euskal Herrira haien aberastasun eta berezitasunak ezagutaraztera. Frantziar Estatuan ahuntz esne gehien ekoizten duen eskualde honetan, zerealak, ekilorea, mahastiak eta hazkuntza dira ekoizpen nagusiak.

Ohorezko gomitatuak izanki, Biarritzen iraganen den azokan leku garrantzitsua hartuko du Poitou-Charentes eskualdeak. Bertako arrazak ezagutu ahalko dira (behi, ahuntz, asto, mando eta zaldiak), etxe ekoizpenen dastatze eta salmentarako aukera izanen da eta ostiral arratsean 550 lagunendako apairua prestatuko dute. Laborariek larunbateko hitzaldietan ere parte hartuko dute.

Haurrak azokaren erdigunean

Haurrak ere ez dira laborantza herrikoiaren bestatik aparte izanen, haientzat 1.000 metro koadroko eremu bat muntatuko baitute. Belaunaldi berriak azokaren lehentasunen artean kokaturik, ostiralen 2.500 haur bertaratuko dira, euskaraz eta frantsesez prestaturiko tailer nahiz animazioetan parte hartzeko.

Horrez gain, hiru egunetan zehar kabala ttipiak izanen diren etxalde pedagogikoa, herri kirolak, puzgarriak, Pirinioetako zurez egindako jolasak, margotzeak eta beste ekimen ainitzez gozatzeko parada izanen dute ttipienek.

Hiru lehiaketa

Lehiaketei dagokienez, azaroaren 16an bi iraganen dira: Ossau-Irati AOP izenekoa bortuko ardi gasna, etxeko gasna eta esnetegiko gasnaren kategoriatan banatuko da. Bestetik, Herriko Ogi lehiaketan, tokiko 20 okinek parte hartuko dute.

Azaroaren 17an berriz, urteroko sukaldaritza lehiaketa eginen da. Euskal Herriko hogei elkartek Manex ardia Navarin saltsan prestatu beharko dute. Elkarte guziei deia luzatu diete bertan parte hartzeko.

Animazioz beteriko asteburua

Asteburu osoan zehar, Lurramak hiru mila bazkari eta apairu zerbitzatuko ditu. Bistan da bertako jatetxea ez dela besteen gisakoa. Tokiko ekoizpenen kalitatea eta ikasle, laborari eta sukaldarien gaitasunak bateratzen baititu. Eskainiko diren menuak, prezioak eta txartelen aurre salmenta puntuak web gunean aurkitzen ahal dira.

Eta jakina, azoka besta handi bat den heinean, giro goxoan ongi pasatzeko aukera ere izanen dute bertaratukoek. Dantzaldiak, artea, kontzertuak, musikariak, herri kirol desafioa, Euskal Herriko launako sokatira txapelketa eta beste hamaika ikusgarriz gozatu ahalko da Irati erakustazokan.

Halaber, antolatzaileek euskarari ere leku garrantzitsua egin nahi izan diote. Euskaraldiaren atarian izanki, ekimenarekin bat egin baitute. Informazio mahaia ezartzeaz batera, Ahobizi eta Belarriprest izateko izena eman ahalko da. Eta gisa berean, prestaketa saio bat iraganen da azaroaren 17an, goizeko 10.00etatik 12.00etara.



Lurrama azokaren egitarau osoa eta informazioak atarian ikusten ahal dira.