Lurrama azokaren edizio berria ate joka

Lurrama azokaren 13. edizioa heldu den azaroaren 16, 17 eta 18an iraganen da Biarritzeko Irati erakustazokan. Aurtengoan ere publiko guziarentzat aktibitate andana bat prestatua izan da, beti xede batekin: laborantza herrikoi eta iraunkorra sustatzea.

Kazeta|2018/11/05 06:55|0 iruzkin
Guz_lurrama_aurkezpena_herriko-etxea_miarritze_imiquelestorena04
Biarritzeko herriarekin batera aurkeztu dute Lurramaren 13. edizioa. © Isabelle MIQUELESTORENA

Lurrama azokak Euskal Herriko kostaldeko gertakari nagusienen artean kokatzea lortu du. Aurten ospatuko den hamahirugarren edizioak ere arrakastatsua izateko osagai guziak izanen ditu. Azken zazpi urteetan bezala, laborantza herrikoiaren aldeko azoka Biarritzeko Irati erakustazokan iraganen da, azaroaren 16, 17 eta 18an.

Laborariek eta seiehun laguntzailek hiru egunez 6.000 metro karratuko espazioa okupatuko dute. Hiru egunetan zehar publiko guziarentzat erakusketak, animazioak, bazkari nahiz apairuak eta gai anitzi buruzko konferentziak izanen dira.

Azokak azaroaren 16an, ostiralarekin, idekiko ditu bere ateak, goizeko 9.00etan. Larunbat eta igandean berriz, 10.00etatik goiti sartu ahalko da. Ostiralez sartzea urririk izanen da eta beste bi egunetan 4 eusko balioko du, hamabost urtepekoentzat urririk izanen delarik.

Laborantza elikatzaile baten alde

Aurtengo gai nagusietakoa Europako Laborantza Politika Bateratua (LPB) izanen da, batez ere, laborantzaren helburua elikadura ekoiztea dela azpimarratzeko. Lurramak kalitatezko elikagaiak ekoizten dituen laborantza sustengatzen duen heinean, lurralde bakoitzaren elikadura burujabetzaren alde egiten du. Hori dela eta, LPB-k laborantza herrikoia sustatu behar duela aldarrikatuko da.

LPB laborariei laguntzak emateko “mekanismo konplexua” dela azaldu dute azokaren antolatzaileek. Deitoratu dutenez, tresna horrek erregularki erreformak jasaten ditu. Garai batez, laguntzak laborariek ekoizten zutenaren baitan emanak ziren, baina egun, hektareen arabera banatzen dira. Beraz, laborariek ekoizten dituzten kopuruak neurtu beharrean, merkatu liberal aldakorraren araberakoak dira laguntza horiek.

Ildo horretan, ELB sindikatuak, Confédération Paysanne-k eta ekonomista ainitzek behin eta berriz erran dute ez dela egia etxalde handiak ttipiak baino lehiakorragoak direnik. Baina laguntza politika horren baitan handiek aiseago jasotzen dituzte laguntzak, ttipiak desagertzen ari diren bitartean.

Hori dela eta, LPB berriak laborarien etekina eta lana sustatzeko neurriak plantan eman beharko lituzke, hala nola: prezioen erregulazioa eta ekoizpenen neurtzea; laguntza orekatuagoak; edota laguntza bereziak ekoizpen ahulenentzat eta etxalde ttipientzat, besteren artean. Halaber, gogora ekarri dute frantziar Estatuan 2.000. urtetik 2.010.era etxaldeen %26a desagertu dela, horietariko ainitz Euskal Herrian. Tendentzia hori ere eten behar dela aldarrikatu dute.

Lurrama azokak LPB sistema hobeki ulertzeko eta laborantza nahiz elikadura politika bat sustengatzeko, "unibertsitate herrikoia" antolatu du. Mintzaldi, mahai inguru eta filmen proiekzioekin egitarau oso bat prestatu dute azaroaren 16 eta 17rako.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK