Kazeta

Errigora: auzolanean Nafarroa hegoaldean euskarari arnasa emateko

Badira bost urte Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina lehenengoz egin zenetik. Nafarroa hegoaldeko ekoizleen uztarekin saskiak osatu eta jasotako diruaren %25 zonalde honetan euskara hauspotzeko erabiltzen da. Azken bi urteetan Euskal Herri osoan 14.000 saski banatzera iritsi dira. Azaroaren 14a bitarte eskuratu daitezke aurtengo saskiak.

Euskararen alde lanean ari diren elkarteek urtero antolatzen dute ekoizleen eta herritarren arteko Euskal Herri mailako sarea. © Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS
Euskararen alde lanean ari diren elkarteek urtero antolatzen dute ekoizleen eta herritarren arteko Euskal Herri mailako sarea. © Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS

Duela bost urte AEK, Ikastolen Elkartea, Sortzen, Zazpiak Bat eta Errigora batu ziren kanpaina berritzaile bati ekiteko, ideia sinple baina argi batekin: Nafarroa hegoaldeko ekoizleen produktuekin osatutako saskiak Euskal Herrian banatu eta bertatik jasotako diruaren %25 euskara zigortua den eremu honetako euskalgintzari bideratzea.

Errigora herri ekimenak Nafarroa hegoaldea du ardatz eta zehazki, “euskara ofiziala ez den zonaldea”. Bere helburuen artean ditu eremu honek propio dituen ekoizpenak Euskal Herriko plazan kokatzea, gisa horretan elikadura burujabetza bultzatuz, euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea eta herrigintzan oinarrituriko ibilmoldea sustatzea.

Aurtengo kanpaina abiatu dute jadaneko. Urriaren hondarrean hasi eta heldu den azaroaren 14ra arte eskuratu ahalko dira ehunka euskal herritarrek asteburu batez prestatu dituzten saskiak. Hainbat produktuz osaturiko bi saski daude aukeran, zuria ala beltza. Saski bakoitzak 50 euro balio ditu eta Euskal Herriko lurralde guzietan eskuratzen ahal dira.

Ipar Euskal Herriko ikastola, kolegio, lizeo eta gau eskoletan ez ezik, hainbat ostatutan ere manatu daitezke saskiak, hala nola: Baionako Pyrénées eta Les Arcadesen, Urruñako Xaian, Ziburuko Maitenian, Donibane Lohizuneko Kaian eta Atharratzeko Peillenian.

“Ez gaude bakarrik, babesa sentitzen dugu”

Gaur arte ibilbide oparoa ukan du Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka izeneko kanpainak. Herritarren saretzearen eta auzolanean oinarrituta, azken bi urteetan 14.000 saski banatzera iritsi da eta bost urteetan 800.000 euro bideratu ahal izan ditu euskararen aldeko proiektuak lagundu nahiz hauspotzeko. Laguntza ekonomiko horrek baitezpadako arnasa ekarri du euskarak ofizialtasunik ez eta traba ainitz dituen eremura.

“Frontoiko lurra arezkoa zen eta konpondu ahal izan genuen. Ateak eta saskiak ere jarri ahal izan ditugu, jantokiko iturria konpondu...”, diote Bianako Erentzun ikastolako kideek Errigoraren atarian ageri den bideoan. Argiñe Korta Tuterako Argia ikastolako kideak ere nabarmendu du ekarpen ekonomikoak ahalbidetu diela igogailu bat jartzea, beste hainbat konpontze lanekin batera. “Ez gaude bakarrik, babes handia sentitzen dugu Errigorarekin”, gaineratu du.

Erriberako AEK-ko Alizia Iribarrenen hitzetan, laguntzari esker gau eskolen mantenua segurtatzen ahal dute, baina batez ere burtsa sistema bat sortu ahal izan dute ikasleei izen-ematearen erdia ordaintzeko, nehongo laguntzarik ez baitute bestela. Urteotan 70 ikaslek jaso ahal izan dute diru laguntza hori.