Durangoko Azokaren aniztasuna aldarri aurtengo edizioan

Durangoko Azokak bere aniztasuna aldarrikatuko du “DA! asko dira” lelopean iraganen den edizioan. Aurtengo kartelaren egilea Txakur Gorria sorkuntza taldea da eta bertako mugimenduak irudikatzen ditu.

Kazeta|2018/11/03 08:40|0 iruzkin
Durangoko-azoka
Durangoko Azokaren 53. edizioaren kartela eta ildo nagusiak aurkezteko agerraldia. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Durangoko Azokak 53. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu zituen atzo, Durangoko Arte eta Historia Museoan egindako prentsaurrekoan. “DA! asko dira!” izango da aurtengo leloa, Azokak bere aniztasuna aldarrikatuko baitu edizio honetan. Txakur Gorria sorkuntza taldeak egin du aurtengo kartela, Garako artikuluak azaldu duenez.

Azokaren aniztasuna izango da, beraz, 53. edizioko ildo nagusietako bat. Izan ere, Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujikak azpimarratu zuen bezala, sormenaren lurraldea askotarikoa da, zentzu fisiko eta metaforikoan: «Bertan elkartzen da sortzaile berria eta ibilbide luzekoa, garaikidea zein tradizionala, abangoardista nahiz herrikoia eta komertziala zein apurtzailea».

Aniztasun hori ere presente egongo da Azokako egitarauan: kontzertu handiak eta intimoak, antzezlan luzeak eta mikroantzerkiak, proiektu ezberdinen aurkezpenak, kultura digitala, film-emanaldiak, umeentzako tailerrak... Eta askotarikoak dira Azokan topa daitezkeen produktuak (nobela, saiakera, poesia-liburu, komiki, disko, binilo, ikus-entzunezkoak...) eta bisitariak ere: «Bertako korridoreetan gurutzatzen dira urtero Gabonetako opariak erostera etortzen den bikotea, lehen aldiz Azokara etorri den kuadrilla agenda goitik behera begiratuta, eta nobedadeen bila datorren kulturzale amorratua».

53DA!-ko kartelaren egilea, Txakur Gorria kolektiboa, Ane Labakak, Nerea Ibarzabalek, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek osatzen dute. Kartelean Landakon gertatzen diren mugimendu guztiak islatu nahi izan dituzte: «DA!-ri erritual izaera aitortzen badiogu, interesgarria da bertan antzezten dugun performanceari erreparatzea. Diseinua Landakoko planoan oinarrituta dago, eta bertan performatzen ditugun mugimendu guztiak iradoki nahi ditu».