Kazeta

Lurraren inguruko beste afera bat Kanbon

Ezpeletako biper ekoizle den Maialen Noblia Kanboko gainetako lurretan lan batzuk egiten hasia da, baina hauetako baterako ez du baimenik galdegin. Kanboko Herriko Etxearen oharra jaso du irregulartasun hau dela eta. Bitartean inguruko auzoak biziki kezkaturik dira, emazte honek aitzinetik etxe bat ilegalki eraiki izan zuelako.

Nobliak babesturiko lur sail batzuetako berotegi batean lanak egiteko baimena aurkeztu zuen 2010ean.
Nobliak babesturiko lur sail batzuetako berotegi batean lanak egiteko baimena aurkeztu zuen 2010ean.

Badirudi Kanboko lurrekin loturiko aferek ez dutela etenik. Prefetaren aginduz berriki hirigintza planeko bi lur sailen salmenta behin behinean gelditu ondotik, orain Maialen Noblia Ezpeletako biper ekoizleak bere lurretan abiatu dituen lanak dira eztabaidaren erdian. Bere lurretako bitan lanak hasi ditu: batean koadro elektriko bat eta bestean lurrak berdintzeko lanak. Azken honetarako ez du baimenik galdegin eta Kanboko Herriko Etxearen jakinarazpena jaso du.

Nobliak dio laborantzarako eraikinak egin nahi dituela eta eraikitzeko baimenak eskatzeko asmoa duela: “laborantza eremu batean gara, baimenak lortuko ditut”, segurtatu du. Alta, inguruko bizizaleak kezkatuak dira. Izan ere, joan den apirilean bere kontagailu elektrikoaren ondoan hainbat zuhaitz moztu zituen. Ofizialki, Baionako konpainiak zuhaitzak kimatu eta egurra lortzeko eskaera bat jaso zuela baieztatu du. Egur hori, haatik, egun ez da jasoa izan.

Auzi korapilatsua

Lehen auzia 2010ean hasi zen, Nobliak babesturiko lur sail batzuetako berotegi batean lanak egiteko baimen eskaera egin zuenean. Hiru hilabeteren ondotik, Kanboko Herriko Etxeak lanak etetea agindu zuen, eraikitzeko baimena errefusatuz.

Ekoizleak Paueko auzitegi administratibora jo bazuen ere, 2015eko otsailean Herriko Etxeari 1.500 euroko isuna ordaintzera kondenatua izan zen. 2012an berriz, Baionako auzitegiak 5.000 euroko isuna ezarri zion, Herriko Etxearen arabera, eraikina ilegalki berritu zuelako. Alta, ez zuen eraikina eraistea deliberatu. Berotegien ondoko aterpea etxebizitza bihurtu zen, preseski egun Maialen Noblia bizi den eraikina.

Herriko Etxeak helegitea plantan eman eta Paueko apelazio auzitegiak 2014an eraikina eraistea erabaki zuen. Nobliak Bordeleko auzitegian beste helegite bat jarri eta hiru urte berantago auzia irabazi zuen. Auzitegietako ibilbide luzeak jarraitu zuen baina amaieran, eraikuntza ilegalaren auzia preskribitua geratu zen eta eraikina ezin da eraitsi.

Nobliak ahoan bilorik gabe aitortu du lanak legez kanpo egin zituela: “ez nuen eskubiderik”. Alta, Herriko Etxearen ekimenak “jazarpentzat” hartzen ditu eta hautetsiak “erotzat” hartu ditu.

Kanboko gainetan lan berriak hasi dituenetik afera hau oihartzuna izaten ari da. Auzoen arabera, bere asmoa laborantzarako eraikin bat egiten hastea da, gero etxebizitza bihurtzeko, Biperdunarekin egin izan duen bezala.