Kazeta

Larresoron hiru antzezlan euskaraz ikusteko parada

Euskal Elkargoak “Hameka Euskaraz” izeneko hitzordu zikloa abian jarri du. Heldu den azaroaren 1ean emanen zaio hastapena Larresoron, arratsaldeko 15.00etatik goiti euskarazko hiru antzezlan ikusteko aukera izanen delarik.

Barsanti taldeak “Kalegorrian” antzezlana eskainiko du. © Atx Teatroa
Barsanti taldeak “Kalegorrian” antzezlana eskainiko du. © Atx Teatroa

Hameka tokiko artisten elkargunea da. 2009an sorturiko karrikako arteen eta euskal antzerkiaren fabrikak publiko euskaldunari bere hizkuntzan egin sorkuntzez gozatzeko hitzorduak eskaintzen dizkio. Euskal Elkargoarekin sorturiko ekimenak hiru antzezlan ikusteko parada eskainiko du azaroaren 1etik aitzina.

“Hameka euskaraz” zikloaren lehen hitzordua Larresoroko herriko gelan iraganen da, azaroaren 1ean, arratsaldeko 15.00etatik goiti. Benetan Be konpainiaren “Inondik Inora” antzerki ikusgarriarekin emanen zaio hastapena emanaldiari. Antzezlan honen istorioa postarien lanean oinarritzen da.

Bigarren ikusgarria 16.30ean hasiko da, Barsanti taldeak emanen duen “Kalegorrian” izenekoarekin, hain zuzen. Aitatxi eta amatxi bikote batek etxerik gabe geratzeko arriskua duela eta, polizia joanen da epailearen erabakia betetzera baina auzokideak etxe inguruetan batuko dira.

Azkenik, arratsaldeko 18:30ean Metrokoadroka konpainiaren “Miss Karaoke” ikusi ahalko da. Izen hori duen protagonistak jende guziaren aitzinean kantatu beharko du eta zein hizkuntzatan eginen duen zalantzatan ibiliko da.

Prezioei dagokienez, sartze arruntak 8 euro balioko ditu, sartze apalak 5 euro eta hamabi urtepekoentzat, 4. Sartzeak aitzinetik erreserbatzeko www.hameka.eu atarira jotzen ahal da.

Larresoroko hitzorduaren ondotik, heldu den abenduaren 2an Larzabalen iraganen da 2018-2019 denboraldiko bigarren hitzordua.