Urruña, elkarrekin, berpiztu nahi duen taldea

Elgarrekin Urruña berpiztu taldeak Herriko Etxearen “demokraziaren kontrako” metodoei aurre egin nahi die. Esparru ezberdinetatik etorritako urruñarrek osatzen duten dinamikak 2020an iraganen diren herriko hauteskundeetan aurkezteko borondatea du.

Iurre BIDEGAIN|2018/10/31 07:00|0 iruzkin
Ber_elgarrekin-urruna-berpiztu_aurkezpena_urruna_imiquelestorena02
Felipe Aramendi, Marina Ollivon eta Patrick Dussossoy taldearen aurkezpenean. ©Isabelle Miquelestorena

Kolore politiko anitzetako herritarrek osatzen dute Elgarrekin Urruña berpiztu taldea. Izenak dioen bezala, "elkarrekin" hitzak zentzu handia du dinamikaren baitan. Nahiz eta parte hartzaileek pentsamolde ezberdinak dituzten, Urruñarekiko atxikimenduak batzen ditu. Ildo horretatik, egungo Herriko Etxearen lan moldetik urrundu eta herriak "bere erroak berreskura ditzan" proiektu bat landuko du. Taldeak herritarrei parte hartzeko deia luzatu die. Informazio gehiago eskaintzeko, bilkura publiko bat antolatu du azaroaren 23rako 19.00etan Urruñako Dongaitz trinketeko gelan.

2008ko urbanismo planaren kontrako "haserrea" dela eta, herritar talde bat elkartzen hasi zen bada urte bat. Hastapenean, nahiz eta urbanismoaren gaia ardatz nagusia izan, laster ohartu ziren Herriko Etxearen egin moldearekiko beste desadostasun batzuk ere agerian zirela. Urruñarren beharrak entzunen dituen dinamika bat proposatzeko helburuz, talde bat osatzea erabaki zuten.

Felipe Aramendi oposizioko hautetsiak taldeak hiru lan ildo jorratuko dituela azaldu du. Alde batetik, gaur egungo hirigintza planak berrikusi nahi ditu. Urbanismo politikarekin "haustura bat egin" nahi du, horrek ondorio kezkagarriak dituelako laborantza lurren babesean eta baita populazioaren emendatzean ere. Patrick Dussossoyk hainbat datu kezkagarri azpimarratu ditu. Hala nola, 2007 eta 2017 urteen artean 7.760 biztanle izatetik 10.300 biztanle izatera pasa da herria. "2007an Tokiko Hirigintza Planak iragartzen zuen urteko hazte-helburua %1,7koa izanen zela eta aurreikusia baino %70 gehiago hazi da", deitoratu du.

Bestalde, "nekezian diren prentsonei sostengu eraginkorra" eskaini nahi die. Laguntza behar duten pertsonen beharrak identifikatu eta lagundu nahi ditu, batez ere "bakarturik direnak, adintsuak edo ahalmen urritasuna dutenak, zein herrian bizi nahi duten gazte edo familiak", besteak beste.

Euskara presente

Azkenik, Urruñako herria garapen iraunkorraren eta ingurumenaren zaintzaren eredua izatea nahi du. "Guk proposatuko dugun garapen-eredua ekonomikoki eraginkorra, sozialki bidezkoa eta ekologikoki jasangarria izatea nahi dugu", azaldu du Aramendik. Xedera heltzeko, pentsatutako egitasmo batzuk mahaigaineratu ditu: laborari berrien instalazioa ahalbidetzea, produkzio biologikoa laguntzea eta partikularrei formazioa eskaintzea laborantza agro-ekologikoa gara dezaten.

Hautetsiaren erranetan, euskarak ere leku garrantzitsua izanen du beren egitasmoaren baitan. "Gure komunikazioa euskaraz eginen da ere eta euskaraz mintzatzen dutenek behar duten harrera izanen dute herriko etxeko zerbitzuen baitan", aipatu du.

Heldu den etapan, herritarrengana joko du taldeak. 2020ko hauteskundeetan aurkezteko borontatea duela iragarri du, baina oraingoz "dena egiteke dagoela" azpimarratu du Aramendik. "Prentsaurrekoaren xedea ez da hauteskundeei begira zerrenda bat aurkeztea, baizik eta desmartxa baten berri ematea. Proiektua elkarrekin egin nahi dugu eta hori da gure lehentasuna", nabarmendu du.