Bi hautagai laborantza lur batentzat Altzürükün

Laborariak diren bikote eta gazte batek Saferrek salmentan ezarritako hamabi hektareako lur sail bat erosi nahi dute. Hastapenean, gazteak lortu zituen lurren garapenerako enpresaren faboreak, baina bikoteak aurkezturiko helegitea onartu zen ondotik. Bi eskaerak abenduan aztertuko dira.

Kazeta|2018/10/31 14:03|0 iruzkin
Dossier_1
Laborantzarako lur eremu bat erosteko “lehia” Altzürükün. © Gaizka IROZ

Lurra eskuratzea biziki zaila da Ipar Euskal Herrian. Horren lekuko da Xiberoko Altzürükü herrian gertatzen ari dena. Berrogei urteko Sara eta Mathieu Mendizabal bikoteak eta 22 urteko Ximun Eppherrek Saferrek (lurraren garapenerako eta laborantza eremuaren ezarpenerako elkartea) salmentan ezarritako hamabi hektareako lur eremu bera erosi nahi dute.

Alde batean dira Sara baratzezaina eta Mathieu okina. Duela bederatzi urte bikoteak utzia zen etxalde zahar bat hartu zuen beregain, baldintza eskasetan. Urtetako berrikuntza lan nekezen ondotik, egun bi ekoizleak laborantzari loturiko aktibitateei esker bizi dira.

Alta, haien etxaldea mendi gainetan kokatua da. Traktoreak eta atoiak ezin dira bertaraino heldu. Urte baterako beharrezko zaien hamar tonako garia joan-jin bidaia luzeetan garraiatu behar izaten dute. Belarra berriz, lagun baten etxean atxiki behar izaten dute, behar dutenean berak ekarri behar izaten duelarik, hainbat arrisku hartuz.

Sara eta Mathieuk uste dute biziki zaila dela baldintza horietan haien ekoizpenarekin aitzinatzea eta hori dela eta, Saferrek proposatzen dituen lurrak erosteak bizia ainitz erraztuko liekeela adierazi dute. Lur horiek eta egun baden eraikinak 45.000 euroko estimazioa dute.

Instalatu ala itxoin

Edozein gisaz, ez dira lurraren beharra duten bakarrak. Ximun Eppherre gazte laborariak ere bertan instalatu nahi baitu. Lankidetzan aritzen diren laborari talde baten baitan (Gaec), bere burasoekin behi blonden salmentan lan egin nahi du. Gazteak Saferren oniritzia bitan jaso bazuen ere, hirugarrenean bikoteak ezarritako helegitea onartu zuen batzorde teknikoak.

Aldaketa honekin aski harriturik, “gazteen instalazioa lehenestea baitezpadakoa dela” erran du Ximunen aita den Bernardek. “Semeak lur hori ez badu, ezingo du instalatu eta ni erretiratu arte itxoin beharko du”. Gainera, bere ustez Sara eta Mathieuren proiektua egungo etxaldearen hedapen bat da.

Saferren lurretan den eraikina bere lur eremutik hurbil denez, semeak bere proiektuari ekiteko aukera ezin hobea dela berretsi du haren aitak. Haatik, lur eremuarekiko lehiaren gainetik, Bernard prest da bikotea laguntzeko eta haien lan baldintzak hobetzeko aterabide bat xerkatzeko, baina gisa berean errepikatu du “gazteen instalazioan zentratu behar dugula”.

Jakingarria da hiruak ELB sindikatuko kide izanki, ontsa ezagutzen dutela elkar. Aterabide zaileko afera hau abenduan deliberatuko du Saferrek, bi hautagaitzak aztertu ondotik. Bistan da erabaki horrek ez dituela alde guziak asebeteta utziko.