Hiru egunez txokolatea izanen da Baionako protagonista

Baionako Herriko Etxeak eta Txokolatearen Akademiak “Baionak bere txokolatea ospatzen du” ekimenaren lehen edizioa aurkeztu dute. Kakaoaren historia, gastronomia, kultura eta ondareari loturiko animazioak azaroaren 2, 3 eta 4an iraganen dira Lapurdiko hiriburuan.

Kazeta|2018/10/31 07:00|0 iruzkin
Gar_chocolat_cazenave_bobedme106
Baionako zazpi txokolategi erreferente ezagutzeko parada izanen da. © Bob EDME

Baionako xingarra aski ezaguna da, baina baita bertako txokolatea ere. Badira lau mende inguru “urre beltza” deitzen zaionak hiriari ospea eman izan diola. Hori dela eta, Baionako Herriko Etxeak eta 1993an sorturiko Txokolatearen Akademiak “Baionak bere txokolatea ospatzen du” ekimena antolatu dute, azaroaren 2tik 4ra.

Egitarau betea prestatu dute antolatzaileek, bisita gidatuak, erakusketak, haurrentzat tailerrak, jastaketak eta mota guzietako animazioak izanen direlarik. Txokolatearen ekoizpenak, lanbideak eta industriak Baionaren historian ukan duen garrantzia ere islatuko dute hiriko puntu ezberdinetan. Gisa berean, hiriko zazpi txokolategi erreferente ezagutzeko parada izanen da. Egitarau osoa Baionako Txokolate Akademiaren web atarian ikus daiteke.