Mauleko hiltegia: zuzendari ohia sei hilabeteko kartzela zigorrera kondenatu dute

Mauleko hiltegiko auziari buruzko epaia jakinarazi du justiziak urriaren 29an. Zuzendari ohia sei hilabeteko kartzela zigorrera kondenatu dute, gibelapenarekin. Langileei, ordea, 520 euro arteko isunak ezarri dizkiete.


Haritz LARRAÑAGA|2018/10/30 14:40|0 iruzkin
Guz_xiberoko_kabale_ehogia_maule_imiquelestorena02
Mauleko hiltegiak 3.800 euroko isuna ordaindu beharko du tratu txarrengatik. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Gerard Clement Mauleko hiltegiko zuzendari ohiari 6 hilabeteko baldintzapeko espetxe zigorra eta 200 euroko isuna ezarri zion urriaren 29an Paueko epaitegiak, "iruzurra" egiteagatik. L214 elkarteak ezkutuan hartu zituen irudietan txahalak eta arkumeak hiltzen agertzen ziren lau langileek, ostera, 80 eta 520 euro arteko isunak jaso zituzten animaliei "beharrezkoa ez zen tratu txarra emateagatik".

Bestalde, Mauleko hiltegiak 3.800 euroko isuna ordaindu beharko du tratu txarrengatik, 10.000 euro kalitatearen iruzurra egiteagatik eta beste 10.000 euro eragindako kalteengatik.

Irailaren 17 eta 18an egin zuten epaiketan 6 hilabeteko baldintzapeko espetxe zigorra eta 50.000 euroko isuna eskatzen zuen akusazio gisa jardun zuen Ministerio publikoak, beraz ez dirudi helegiterik jarriko duenik, azken epaiak haien eskakizunen antz handia baitu. Helburu oso desberdinak izan arren, auzi honetan akusazio partikular gisa aritzeko batu ziren hamar elkarteek ere helegitea jar dezakete, baina oraindik ez dute argitu zer egingo duten.

Eztabaida eragin zuten irudiak

Mauleko hiltegiaren auziak ezohiko oihartzuna izan zuen Estatu frantseseko hedabideetan. L214 elkarteak 2016. urtean kaleratu zuen bideo batean Mauleko hiltegian hartutako irudi oso gogorrak agertzen ziren eta hiltegietan erabiltzen diren metodoen inguruko eztabaida bizia piztu zuten.