Baiona erdiguneko mediatekaren eraberritzea iragarri dute

Lanak 2020an hasiko dira eta hiruzpalau urte iraunen dute. Eraikinak estai berri bat izanen du eta sartzea ainitzez idekiagoa egin nahi dute, aitzinalde garden batekin argi gehiago sartzeko gisan. Barneko patio berdea ere bikoiztuko da eta egungo haurren eremua 80 eserlekuko auditorio batek ordezkatuko du.

Kazeta|2018/10/30 07:05|0 iruzkin
Ber_renovation_mediatheque_baiona_imiquelestorena01
Haurrentzako egungo eremuan 80 pertsonentzat auditorioa eginen dute. ©Isabelle Miquelestorena

12 milioi euroko balioa izanen du Baionako mediateka nagusiaren eraberritzeak. 2020 urtean hasi eta hiruzpalau urtez luzatuko da. Mediateka hiriko lehen zerbitzu publikoa da. Hamar mila pertsonek dute izena emana, horietarik zazpi mila baionarrak direlarik. Turisten arreta gune ere izaten da.

Proiektu arkitektonikoaren egilea ondareetan espezializaturiko Deshoulières- Jeanneau kabinetea da. Ondorioztatu dutenez, ondare hau ez da gehiegi nabarmentzen eta horregatik eraldaketa bat eskatzen du. Proiektuaren bidez dimentsio bat eman nahi zaio, katedralari begira den aitzinaldea eta sartzea osoki eraberrituz. Erdi aroko karriketan eta katedralaren ondoan kokaturik, “leku honek sekulako indarra du”, adierazi du Dominique Deshoulières arkitektoak berak.

Aldaketa ainitz ekarriko ditu

Proiektuaren arabera, aitzinalde ia osoa berinazkoa izanen da, gisa horretan argi gehiago sartu eta barnetik ere katedrala ikusiko ahalko delarik. Metalezko egitura “euskal” gorri kolorez tindatuko dute. Egungo plaza bera ere eraberritua izanen da, aitzin atari handi batean bihurtzeko. Barnealdean berriz, belar eta landare patioa bikoiztuko dute.

Bestalde, arkitektoen asmoa da eraikina altxatzea, altuerako terraza bat egiteko helduentzako espazioan. “Mediatekara ez gara soilik irakurtzera jiten, baita eztabaidatu eta kafe bat hartzera ere”, adierazi dute.

Haurrentzako egungo eremuari dagokionez, bertan 80 pertsonentzat auditorioa eginen dute. Sartze independentea ukanen du eta beraz, mediateka hetsia delarik ere funtzionatzen ahalko du. Aldaketa honek haurren eremua egokitzea eskatuko du. Azken hau sartzearen eta patioaren ondoan kokatuko dela iragarri dute.