Baionako unibertsitateko jatetxea gainezka

Azkenaldian Baionako fakultatearen jatetxean leku arazoa areagotu da. Fakultateko gelak hobeki optimizatzeko, ikasle guziek orain tenore berean amaitzen dituzte klaseak eta 12.30ean joaten dira jatetxera. Usu mahai bat ukaiteko ere itxaron behar izaten dute.

Kazeta|2018/10/29 14:11|0 iruzkin
Med_ru_etudiants_file_attente_baiona_imiquelestorena02
UPPA-ren zuzendaritzari arazoaren berri eman diote jada. © Isabelle Miquelestorena

Ezohiko arazoa sortu da Baionako fakultateko jatetxean. Honen jatorria Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko (UPPA) administrazioak kurtso guziak tenore berean hasi eta amaitzeko harturiko deliberoan aurki daiteke. Gisa horretan ikasgelen erabilera eraginkorragoa bilatu zuten, baina kontuan hartu gabe jatetxeak gainezka egiten ahal zuela.

Unibertsitateko jatetxea aukera ezin hobea da ikasleentzat, bertako prezioak Baiona osoko merkeenak direlako. Sartzeak, plater nagusiak eta desertak 3,25 euro balio du eta orain sortu den arazoak, ikasle ainitz beste leku batean garestiago bazkaltzera edo ogitarteko bat jatera behartu ditu. “Non bazkalduko dugu?”, hori da jatetxeko lerro luzean ahoz aho dabilen galdera.

Euskal ikasketak ikasten dituen Mattinek dio egoera mingarria dela. “Ni ez naiz urrun bizi, beraz, etxera joaten ahal naiz, baina beste batzuk ez dute santza hori”, aipatu du. Emmanuel Bernardine, Baionako ikasleen laguntzarako bulegoko arduradunak erran du UPPA-ren zuzendaritzari arazoaren berri eman diotela, ikasleak tenore ezberdinetan ateratzeko aukera galdetuz.

Philippe Zavoli UPPA-ren zuzendariak, haatik, adierazi du ez dela erraza ordutegiak aldatzen hastea. Urte oroz unibertsitatean jende gehiago bada ere, lekuak berdina izaten segitzen du eta ez da handitua izan. Halere, Zivolik hitz eman du arazoari aterabide bat emateko Teknologia Unibertsitate Institutuarekin (IUT) eztabaidatuko duela. Izan ere, IUT-ko ikasleak ere kaltetuak izaten ari dira.