Etorkinak laguntzeko ekimen berriak sortzen dira Baionan

Estatu espainiarra Europara iritsi nahi duten immigranteentzako sarbide nagusi bilakatu zenetik, milaka dira Bidasoa zeharkatu eta estatu frantseseko hiri handietara iristeko Baionatik abiatzen direnak. Orain artean ikusten ez zen arazoa begi bistakoa bihurtu da Lapurdiko karriketan eta elkartasun sare bat antolatu da.

HARITZ LARRAÑAGA|2018/10/27 14:25
Capture_d_e_cran_2018-10-26_a_15
Etorkinak Baionan.

Ekainean hasi zen Hamid bere emaztearekin Baionako Euskaldunen plazan elkartzen diren etorkinei ogitartekoak ematen. «Hasieran dispertsatuak zeuden, Poliziak jazartzen baitzituen. Ondorioz, haien presentzia ez zen hain nabarmena», oroitu zuen atzo sortu berria den Jakite elkarteko diruzainak.

Bost hilabete geroago, etorkin zein laguntzaile, gau eta egun egoten dira Baionako autobus geltokian, Paris, Bordele edo beste hiriren batera eramango dituen ibilgailuen zain. Laguntzaile sare bat osatu da noraezean dabiltzanei asistentzia juridikoa eskaini, autobusak hartzen lagundu, gaua pasatzeko aterpea bilatu edo otorduak eskaintzeko.

Instituzioen esku hartzea

Euskaldunen plazako erdigunean dagoen palmondo baten azpian banatzen dituzte eguneko hiru otorduak Jakite elkarteko kideek. Duela hiru aste hasi ziren etorkinak biltzen diren tokian bertan laguntza eskaintzen eta ordutik une oro egoten dira boluntarioak Baionara Boli Kosta, Ginea, Mali, Maroko edo Aljeriatik abiatu ostean iritsitako etorkinei laguntzen.

Ez dira asko Euskal Herrian geratzen direnak, ia guztiek hiri handiak baitituzte azken helmuga, horregatik, egun bat edo bi baino ez dituzte egiten Lapurdiko hiriburuan. «Emakumeak egoitza batera edo laguntzaileen etxeetara eramaten ditugu, eta, gizonezkoen kasuan, batzuek etxeetan aterpetzen ditugu, baina gehienek hemendik gertu dagoen parking batean pasatzen dute gaua», azaldu zuen Jakite elkarteko kide den Kamilak.

Urriaren 18an elkarte desberdinek kanpaldi bat burutu zuten udaletxearen aitzinean, «etorkinak kale gorrian direla salatzeko». Atzo ere kanpaldia egitekoak ziren, baina protesta bertan behera utzi zuten. «Euskal Elkargoarekin eta herriko etxearekin harremanetan gara eta inplikatzen hasiak dira», argitu zuen Kamilak.

Jean-Rene Etchegaray auzapezak jada iragarri du tren geltokiaren inguruan harrera gune bat irekiko dutela. Horrez gain, egunero etorkinei bazkari beroa eskaintzeko konpromisoa hartu du Baionako Udalak eta argi indarra ezarri du boluntarioak biltzen diren eremuan. Jakiteko kideek agintariak «emandako hitza betetzen» ari direla eta «elkarlanean» ari direla ere onartu zuten.

Gosaria eta afaria boluntarioek eskaintzen dute eta arropa ere ematen diete beharra dutenei. Elkartasun keinuak ugariak direla errepikatu zuten atzo eguerdian Euskaldunen plazan bazkaria banatzen ari zirenek. Une oro gerturatzen zen arropa edo janariz betetako poltsa bat ekartzen zuen herritarren bat.

Elkartasun uholdea

«Facebookeko mezu batekin hasi zen dena, laguntzeko prest zegoen oro ongi etorria zela zioen mezu bat igorri genuen eta erantzuna sekulakoa izan da», nabarmendu zuen Hamidek. Elkartasun horri esker sare trinko bat osatzen ari da. Ordea, esperientzia txarrak ere badirela salatu zuten zenbait kidek: «Badira etorkin talde bat identifikatu orduko Poliziari deitzen dioten herritarrak ere, eta autobus gidari batzuekin ere arazoak daude, gustuko ez dituzten bidaiariei sarrera ukatzen baitiete. Ondorioz, gutako batek lagundu behar izaten die etorkinei txartela erosi eta ibilgailura igotzen».

Zuzenbide ikasketak egiten ari diren ikasle anitz ere batu zaizkie. Hain zuzen ere, geltokian diren etorkinei ematen dieten laguntzetako bat juridikoa da. Haietako batek zein kontsigna ematen dituzten azaldu zuen: «Poliziaren aurrean izan behar duten jarrera zein den esplikatzen diegu, hemen egoteko eskubidea dutela, asiloa eska dezaketela, ez dutela inoren izenik eman beharrik, abokatu bat eska dezaketela. Zerbait sinatzera behartzen badituzte, berriz, asile idazteko aholkatzen diegu».

Laguntzaileen artean badira egungo etorkinak bizitzen ari diren esperientzia lehen pertsonan ezagutu duten kideak ere. Narcisse Orland kamerundarrak 20 urte daramatza Euskal Herrian bizitzen eta duela gutxi “La main de Fatima” liburua argitaratu zuen. Etorkinei laguntzeko sarea sortzen hasi zela ikustean parte hartzera gerturatu zen eta liburuarekin ateratako diru guztia laguntza elkarteei emango ziela iragarri zuen.

Europa amets

Youssouf ere laguntzeko prest dago. «Jendea laguntza eskaintzeko antolatzen hasi zela ohartu nintzen eta nire esperientzia baliagarri izan zitekeelakoan gerturatu nintzen», nabarmendu zuen egun Lapurdin bizi den senegaldarrak.
Mauritanian urte bat egin zuen Europara ekarriko zuen patera ordaindu ahal izateko lan egiten. «Oso gogorra izan zen, etxera itzultzeak lotsa ematen zidan, eta, hain nengoen gaizki, ezen itsasoan hiltzeko beldurrik ere ez nuen», kontatu zuen duela 13 urteko pasarteak oroitzen zituen bitartean.

“Gaal Gui-El Cayuco” liburuan bere bizipenak argitaratu zituen Youssoufek honako gogoeta egin zuen: «Nirea ez den hizkuntza batean hezi ninduten, erreferentzia guztiak europarrak ziren, ‘Europa’ izeneko amets bat ametsarazi zidaten, eta, orain, zergatik etorri nahi nuen galdetzen didate».