Kazeta

Donapaleuko gaztetxeak migranteak sustengatzeko bilketa antolatu du

Urriaren 27an, larunbatarekin, Donapaleuko Aldaka gaztetxeak migranteen sustenguz bilketa bat antolatu du. Gazteek dei egin dute jantzi beroak, oinetakoak, hainbat oinarrizko tresna eta elikagaiak eramatera.

Etorkinen alde jotzeko deia luzatu dute Donapaleutik. (Gorka RUBIO / FOKU)
Etorkinen alde jotzeko deia luzatu dute Donapaleutik. (Gorka RUBIO / FOKU)

Urriaren 27an goizeko 9etatik 13etara emana da hitzordua Donapaleuko gaztetxean. Mauleko Zinkak antolatzen duen gisan, gazte donapaleutarrek ere migranteen sustenguz eta haiek dituzten beharretatik abiatuz, bilketa bat antolatu dute.

Denetariko beharrak dituzte migranteek, are gehiago negua hurbiltzen ari delarik: jantziak (trikotak, berokiak, euritakoak, eskularruak, lepokoak, burukoak, haurrentzat jantziak, oihalak...); estalki arruntak, plastikozkoak eta larrialdietakoak; bizkar zakuak; hortzetarako pasta eta eskuilak; berriz erabil daitezkeen plastikozko mahai- tresnak (katilu handiak, koilara- furtxetak, platerak); eta elikagaiak (irrisa, kontserbak...).

Aldaka gaztetxekoek jende guziari dei egin diote saldoan agertu eta bilketan parte hartzera.