Biarritzeko Sion etxearen prezioa eztabaidagai

Biarritzeko herriaren jabetza baten salmentak eztabaida piztu zuen joan den irailaren 28ko herriko kontseiluan. Bilkuran Sion izeneko txaleta saltzeko prezio bat finkatu bazen ere, Pierre Delalonden interesak zalantzak eta arrangurak sortu ditu.

Kazeta|2018/10/25 16:27|0 iruzkin
Gar_villa_sion_bobedme102
Sion txaleta. © Bob EDME

Herri erdian kokaturiko txaletaren salmentak Biarritzeko hautetsiak aztoratu ditu. Sion etxeak 400 metro karratu ditu eta inguruko lur sailek beste 8.000. Herriko etxeak irailaren 28an finkaturiko prezioa 980.000 eurokoa da. Gerora, Bisque Bisque Basque! blogak erosle baten eta bere interesen berri eman zuen.

Jabetza hau erostean, Sion etxearen ondoko Boulart jauregiaren jabe den Pierre Delalondek luxuzko hotel bat egiteko duen proiekturako egun dituen arazo tekniko batzuk konpontzeko aukera ukanen luke. Blogak aukera hori arbuiatzen du: “Delalonde ez da nehor herriko etxearentzat, Iratin baditu etxebizitza sozialak eraiki ahal izateko lurrak”.

Blogaren egileak, Jean-Yves Viollier-ek uste du Guy Lafite auzapezaren ondokoa herri kontseiluan eraikinari balioa kentzen entseatu zela, gisa horretan bere salmentaren prezioa apaltzeko. Delalondek telefonoz uste hori berretsi du gainera: “etxea ez da nehoiz ederra izan, beti izan da bazterrekoa”. Hastapenean, Boulart jauregian gimnasio eta ikasketa gela gisa baliatu izan zen. Haren iritziz, erabilera betebeharrek eta lorategia zaintzeko lanek prezioa apaltzea justifikatzen dute.

Irailaren 28ko kontseiluan, oposizioko Edouard Chazouillèrek estimazio berri bat egitea proposatu zuen. Nathalie Motsch, Ghislaine Haye y Louis Vialek eskaera hori babestu zuten. Bigueyrie etxearen salmentaren aferaren ondotik, non eraikinaren balioa apaldu baitzen, hautetsiek arau bat adostu zuten: herriaren jabetzak saltzeko estimazio ezberdinak egitea. Alta, Sion etxerako estimazio bakarra egin dute, irailaren 28koa eta horrek posizio kontrajarriak eta mesfidantzak sortu ditu.

Gogoan hartu behar da Biarritzen lurrarekiko presioa handia izateaz gain, etxebizitza atzematea biziki zaila dela. Ondorioz, arinkeriaz harturiko erabaki batek bere ondorioak ukan ditzake, are gehiago herriko etxeko exekutiboaren baitan bizi den giro nahasia ikusita.