Kazeta

“Klimaren trena” Biarritzera iritsiko da

Akitaniako hainbat hiri zeharkatzen ari den “Klimaren trena” delakoa urriaren 25ean iritsiko da Biarritzeko tren geltokira. Egun horretan eta biharamunean hainbat konferentzia iraganen dira Lapurdiko kostaldeko herrian.

AcclimaTerra komiteak Akitania Berria mailan aldaketa klimatikoaren eraginei buruz egin txostenaren berri emanen du. @TrainDuClimat
AcclimaTerra komiteak Akitania Berria mailan aldaketa klimatikoaren eraginei buruz egin txostenaren berri emanen du. @TrainDuClimat

“Klimaren trena” Akitania eskualdeko hainbat hiritara iristen ari da. Urriaren hastapenean bere ibilbidea Anguleman hasi eta Poitiers, Limoges eta Bordeletik iragan ondotik, heldu den urriaren 25ean Biarritzen eginen du geldialdia. Estatu frantsesak sustengaturik, ezagutzak partekatzea helburu duen egitasmo hau Akitaniako AcclimaTerra zientzia komiteak antolatu eta “klimaren mezulariak” kolektiboak animatzen du.

Proiektua lau trenetan banatzen da, zeinetan klimari buruzko erakusketa zientifiko bat jasotzen den. Bertan planetaren iraganeko klimak, egungoak eta gerokoak aztertzen dira, bai eta pertsonen aktibitateek klimaren aldaketan noraino eragiten duten ere. Ikertzaileak jendearekin batera joaten dira azken aitzinamendu zientifikoei buruz mintzatzeko. Behin trena hirietara heldu delarik, tokiko eragileekin bilkurak eta konferentziak antolatzen dituzte.

Urriaren 25 eta 26an Biarritzen

Trena urriaren 25ean iritsiko da Biarritzeko geltokira eta arratsaldeko 15.00etatik 16.00etara inauguratuko da. Bertan instituzio ezberdinetako agintariak izanen dira, beste hainbaten artean, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria, Michel Veunac Biarritzeko auzapeza edota Martine Bisauta Euskal Elkargoaren trantsizio energetiko eta ekologikoaren lehendakariordea. Ondotik, arratsaldeko 17.00etan, AcclimaTerrako Frank D'Amicok konferentzia bat eskainiko du herriko kasinoan, bereziki Akitanian aldaketa klimatikoari buruzko azken bilana ezagutzera emateko.

Urriaren 26an hiru konferentzia iraganen dira, goizez eta arratsaldez, hauek ere herriko kasinoan. Bizimodua eta klima edo ekonomia zirkularra eta klimaren gisako gaiak landu ondotik, azken konferentzian Biarritzen klima aldaketak duen eragina aztertuko dute. Euskal Herria gibelean utzi eta “Klimaren trena” Agen hirirantz abiatuko da bere itzuliari azaroaren hastapenean amaiera emateko.