Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Iker Urbina
Santiago Arrospide euskal preso ohiaren abokatua

“Estrasburgok gure alde joz gero, hamalau preso inguru askatu beharko lituzkete”

Estatu espainiarrak Estatu frantsesean betetako zigor urteak kontuan hartu behar dituen edo ez ebatziko du gaur Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Santiago Arrospide, Kepa Pikabea, Francisco Mujika eta Alberto Plazaolak egindako eskaerei buruzko iritzia bada ere, horrek eragin zuzena izanen du berrogei bat presorengan. Iker Urbina abokatuak epaiaren garrantzia azpimarratu du.

Iker Urbina, Santiago Arrospide euskal preso ohiaren abokatua. ©Foku
Iker Urbina, Santiago Arrospide euskal preso ohiaren abokatua. ©Foku

Zeri buruzko epaia jakinaraziko du gaur Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak?

Estrasburgok erabakiko du Estatu espainiarrean euskal presoei europar legedia ondo aplikatu zaien edo ez.

2008an Europar Batasunean onartutako legedi batek Europar Batasuneko beste estatu batean emandako ebazpena Estatu propioan eragin berdina izan behar lukeela esaten zuen. Hori dela eta, Estatu frantsesean egindako espetxe denbora Estatu espainiarrean ezarritako zigorrarekin batera pilatzea eskatu genuen. Hots, denbora hori hemengo espetxealdian zenbatzea.

Hasiera batean, Auzitegi Gorenak alde egin bazuen ere, ondoren kontra egin zuen Europar araudiaren aurka eginez ere. Horregatik, Auzitegi Konstituzionalera jo genuen eta azkenik, Europako Giza Eskubideen Auzitegira. Beraz, jokoan dagoena europar legedi baten ez aplikazioa da. 



Santiago Arrospide, Kepa Pikabea, Francisco Mujika eta Alberto Plazaolaren eskaerei buruzko epaia jakinen da gaur. Orotara, zenbat dira Europako estatu batean betetako urteak kontuan hartzeko eskaera egin duten euskal presoak?

Gutxi gorabehera, beste abokatuekin hitz egin eta, kalkulatzen dugu berrogei eskaera inguru tartekatuta daudela Europan. Egia da, orain aztertuko diren lau horiek lehendabizikoak direla.



Zure iritziz, Estrasburgoko epai horrek zer jartzen du jokoan?



Bi gauza daude azpimarratzeko. Alde batetik, zenbait presoren askatasun eskubidea. Guk egindako eskaera onartuko balute, suposatuko luke presoek Estatu frantsesean egindako denbora beren espetxealdian zenbatuko dela. Horrek esan nahi luke batzuk libre geldituko liratekeela. Halaber, frogatuko luke askatasun eskubidea urratu zaiela. Horren ondorioz, batzuk aske gelditu beharko lirateke askatasun eskubide horren urraketa ez luzatzeko.

Bestalde, kalean gelditzen ahal ez direnen kasuan, beren zigorraren zati handi bat, hau da, Estatu frantsesean egindako denbora beteta dutela eta beren kaleratze data hurbilago dagoela erakutsiko du. 



Ikusi behar dugu zein termino erabiltzen duen eta zer erabakitzen duen epaitegiak. Bigarren ondorio potolo bat izan daiteke Espainiar legedira egokitutako arauari buruzkoa. Guk salatu dugu moldaketa hori ez zela era egokian egin, Europar legediak esaten zuenaren kontra egiten zuelako, besteak beste. Argiki, euskal presoei zuzendutako salbuespenak ezartzen zituen eta horrekin Europar legediaren nortasuna eta asmoa bera hausten zuen.

Ikusi behar dugu aldekoa bada ere, noraino sartzen den eta ea Espainiar legediaren egokitzapena egokia den edo ez, beren iritziz. Hori zalantzan ezartzen badu eragina handiago izanen da.



Estrasburgok zuen alde joz gero, zenbat euskal preso gelditzen ahalko lirateke aske?



Esan bezala, berrogei bat eskaera aurkeztu dira. Horietariko hamalau inguru izan beharko lirateke kalean geldituko liratekeen presoak. 



Zer esan nahi du, Estrasburgok erantzun baikorra emango balu, euskal preso horiek gaur bertan libre geldituko liratekeela?



Pixka bat konplikatuagoa da. Bi eremu daude. Alde batetik, gure iritziz Europar auzitegiak guk planteatzen dugunaren alde egiten badu, mahai gainean jar dezake preso hauei askatasun eskubidea urratzen ari zaiela. Ikuspegi horretatik, horrelako ebazpen bat emango balute logikoena litzateke askatasun eskubidea urratzen ari zaien pertsona horiek kalean egotea. Urraketa horrekin amaitzeko, ez dira itxoin behar legeak ezartzen dituen mekanismo prozedurak. 


Askatasunean uzteko urratsak konplexuagoak dira eta nahi izanez gero, luzatu dezakete prozedura. Ez hori bakarrik, epaitegiak ebatziko duena ez da irmoa izango. Hain zuzen, irmoa izateko hiru hilabete pasa beharko dira. Tarte horretan Gobernu espainiarrak erabaki dezake helegitea aurkezten duen edo ez.

Askatasun urraketa ebazten bada, logikoena da urraketa horrekin ahalik eta azkarren amaitzea eta ez itxoitea jakitea erabakia irmoa den edo ez. Hor borondate eta presio politikoetan sartzen gara.



Aurki dezakegun eszenatokia ez da ebatzi eta askatasunean utziko dituztela. Nahi izanez gero bai, noski, baina konplikatuago egin dezakete prozedura. 




Zer gertatzen da espetxe urteak kontuan hartu ez zaizkien eta aske gelditu diren euskal presoen kasuan? Kalte- ordainak eskatzeko parada dute? 



Hori Europar auzitegiaren prozeduran bertan sartzen da. Badago tramite bat non kalte- ordain horiek eskatzen ahal diren.

Santi Arrospideren kasua daramat eta kalte- ordain batzuk eskatu genituen. Gure alde jotzen bazuten, Santi kalean gelditu behar zen 2013an eta abuztuan askatu zuten. 
Kalte- ordainak egin dituen bost urte gehigarri horiek konpentsatzeko dira.