Idoia ERASO

Gonzalo Etxebarriaren obren “ordena eta kaosa” biltzen duen erakusketa

Gonzalo Etxebarriak badira lau urte abiatutako seriea ikusgai jarri du Ziburuko Arte Bideak erakustokian. Urriaren 28ra arte ikusgai izanen den erakusketak artistaren marrazkiak eta margolanak biltzen ditu.

Gonzalo Etxebarriaren erakusketa urriaren 28ra arte ikusgai izanen da.
Gonzalo Etxebarriaren erakusketa urriaren 28ra arte ikusgai izanen da.

Erosleen interesa pizten ari den erakusketa da Gonzalo Etxebarriaren azkena. Hori horrela, Ziburuko Arte Bideak galeriak erakusketak egiteko eskaintzen duen espazioa txikia dela kontuan izanik, jada erreserbatu dauden lanak beste batzuengatik ordezkatzen ari dira etengabe galeristak. Behin baino gehiagotan bertaratzeko arrazoia izan daiteke, edo ezkutuko sekretuak ezagutzera joateko amua. Erakusketan, azken garaian garatzen ari den hizkuntzaren ezaugarriak islatzen dituzten lanak bildu ditu artistak, Garako artikuluak azaldu duenez. Hala, arrazionalismoa eta kaosa presente dira erakusketako obra gehienetan: "Ordena eta kaosa dira gauzarik garrantzitsuenak niretzat".

Grafismoari dagokionez, poligonoak eta forma geometrikoak erabiltzen ditu Etxebarriak, "arrazionalismoaren" munduan sartuz. Ondoren beti kaosari uzten dio tokia, bi munduak beti existitzen direlako aldi berean bere obraren baitan. Hitzek dena azaldu ezin dutela nabarmenduz, eta margolanek beraiek beren hizkuntza adierazi nahiko luketela zehatuz, honako azalpena eman du: "Kaosa erakusteko da, baina, naturan bezala, beti ordenatuta dago, sekulan ez da kaos hutsa. Nire barneko bizian ere horrela da". Hala ere, ikuslearen baitan sortzen duen sentimendua eta ikusmoldea berak margotzean adierazi nahi izan duenak bezainbeste balio duela gaineratu du.

Paperean egindako lanak dira gehienak, ikatz-ziria, tinta txinatarra eta pastela erabiliz batik bat, horrekin "libreago" sentitzen baita. Horri esker konposizioetan ez da "arrangurarik sentitzen, hasten dut nonahi paperaren eremuan, eta, gero, sartzen naiz nire bidaian, jakin gabe nora noan". Horrez gain, hainbat pintura ere badira, bestelako teknikez egina, collagea kasu.

"Keinua gelditzen da eta hizkuntza atxikitzen da", baieztatu du Etxebarriak. Marrazketan keinua ez dela aldatu behar uste du, haur denboratik etortzen den zerbait delako: "Gu denon baitan dagoen haur izpirituaren adierazpena biltzeko, indar berezirik egin gabe atzematen da".

Organikoa eta inorganikoa, paisaiak eta gauza arrazionalen arteko dialektika ere ikus daiteke Etxebarriaren obretan. Denak dira presente, inspirazio gisa zernahi erabiltzen baitu artistak: "Eguneroko gauzak ikusi, horrekin marrazkiak egin, eta hortik abiatzen naiz".

Mugimenduan

"Beti mugimenduan naiz, ez dut kanbiatzen kanbiatzeko xedez, tendentzian egoteko, edo modan egoteko, horretaz futitzen naiz. Behar dena da ikerketa egin; galderak pausatu behar dira norberaren buruan zer egin daitekeen eta zer egin nahi den ikusteko. Libreago sentitzen naiz, gaia eta helburua ez baditut ezagutzen" esanez azaldu du bere ibilbidean zehar bilatzen duena.

Etengabe mugimenduan izanik ere, gai batzuk beti errepikatzen dira Etxebarriaren obran. Xiberoako paisaiak, adibidez, beti agertzen dira; lurra eta zerua elkartuz, eta bien artean trantsizioa egiten duen pertsonaia baten bidez. Obra guztietan ez agertuagatik, serie ezberdinetan errepikatzen den zerbait da.

"64 urterekin gauzak konprenitzen hasten zara, lanean bidea eginez, eta tronpatuz", borobiltzen du margolariak bere ibilbidean zehar zer ikasi duen eta zerk gidatu duen galdetuta. "Artista tipiekin ikasten dut, egiten dutenari so egoten naiz. Pintura hizkuntza bat da, bada gramatika bat, eta ikusten ikasten da".