Haritz LARRAÑAGA

Etorkinen egoera salatu dute Baionan antolatutako kanpaldian

Etorkinen egoera “jasangaitza” dela ohartarazteko kanpaldia antolatu zuen Etorkinekin kolektiboak urriaren 18an Baionan. Jean-Rene Etchegarak bidalitako gutunari erantzun ez diola salatu du taldeak. Baionako herriko kontseilua erabili zuen Euskal Elkargoari emigranteen aferan dagokion ardura eskatzeko.


Etorkinekin kolektiboak Baionan antolatu duen kanpaldia. ©Aurore Lucas
Etorkinekin kolektiboak Baionan antolatu duen kanpaldia. ©Aurore Lucas

Azken hilabeteetan migranteen kopuruak gora egin du Lapurdin. Etorkinekin kolektiboak adierazi duenez, arazoari fronte desberdinetatik erantzun behar zaio, baita erakunde publikoetatik ere. Horregatik, orain dela bi aste Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegarayri eskutitz bat helarazi ziotela baina oraindik ez dutela erantzunik jaso jakinarazi zuten atzo eskainitako prentsaurrekoan, Garako artikuluak azaldu duenez.

Euskal Elkargoak afera honetan duen erantzukizunari iskin egin ez diezaion, arduraz jokatzeko eskatu zieten ordezkari politikoei eta datozen egunetan erantzunik jasotzen ez baldin badute lehendakariari bidalitako gutunaren edukia publiko egingo dutela iragarri zuten. Aurrez, ordea, Elkargoko kontseilukide guztiei ere eskutitza helaraziko dietela argitu zuen kolektiboko bozeramaile Amaia Fontangek.

Arratsaldeko seietan abiatu zuten 200 lagunek "etorkin guztientzat otordu bat eta aterpe bat" eskatzen zuen kanpaldia. Ordu berean, udalbatza hasi zen herriko etxean eta Etorkinak kolektiboko kideek Jean-Rene Etchegarayri mezu bat igortzeko baliatu zuten momentua.

Kanpin-denda opari

Alde batetik, bidali zioten eskutitzari erantzutera gonbidatu zuten auzapeza, eta bestetik, kanpin-denda bat eskaini zioten kanpaldian zeuden lagunen aldarrikapenekin bat egin zezan. Hain zuzen ere, kanpaldia atzo egiteko arrazoietako bat herriko etxeko bilkura izan zen.

Fontangek aditzera eman zuenez, "batetik, joan den asteburuan Bilbon egin zuten kanpaldiarekin bat egin nahi genuen, guztiok norabide berean ari baikara lanean, eta bestetik, udalbatzaren eguna izanik gure protestari ikusgarritasuna emateko hautatu genuen data hau".

Udaletxean ekintza sinbolikoa egiten zuten bitartean, zenbait etorkin eta boluntariok beren esperientzien berri eman ahal izan zuten kanpaleku gunean. Gaueko bederatzietan, ostera, egunero bezala, Euskaldunen Plazara joan ziren, han pilatzen diren etorkinei informazioa eta babes juridikoa eskaintzera, eta ondoren, gaueko hamarretan, amaitutzat eman zuten kanpaldi solidarioa. Hurrengo ostegunean berriz errepikatuko dute ekimena