Bi herri lurren salmenta bertan behera Kanbon

Kanboko Nahi Dugun Herria oposizioko taldeak prefetak agorrilean egindako bisita baliatu zuen herri lurren bi eremuren salmenta ilegala zela ohartarazteko. Suprefetak arrazoia eman berri dio eta joan den uztailaren 23an herriko etxean bozkaturiko salmentak indargabeturik geratu dira.

Kazeta|2018/10/18 07:15|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2018-10-18_a_07
Durruty enpresak Oussimendin 104 etxe eraikitzeko interesa du. ©BOB EDME

Kanboko Herriko Etxearen hirigintza planak “kolpea” jaso du, behin behinean bada ere Oussimendia eta Mushdehalsuenborda izeneko lur sailen salmenta bertan behera geratu baita. Izan ere, Hervé Jonathan suprefetak Nahi Dugun Herria oposizioko taldeari arrazoia eman dio.

Beraz, herri kontseilua hirigintza planaren inkesta publikoaren azken emaitzen zain geratu beharko da. Lurren gaineko estimazio berria jakin beharko du lur horiek saltzeko beste bozketa bat egin ahal izateko.

Oussimendiako lur sailen prezioa aitzineko hirigintza planaren estimazioen arabera kalkulatu zen, baina prefeturak sail hau Stecal izeneko eremuan kokatzeko aholkua eman du. Durruty enpresak Oussimendin 104 etxe eraikitzeko interes berezia du, Nahi Dugun Herriarentzat onartezina dena.

Interes kolektiboa ororen gainetik

Nahi Dugun Herria taldeko hautetsiek pozik hartu dute berria: “beste behin, gure interpelazioak ahalbidetu du erabakiak interes kolektiboaren aldekoak izatea. Honek gure oposizioko lana indartzen du”, adierazi du igorritako oharrean.

Alta, airean bada beste galderarik. Mushdehalsuenbordako lur saila erosteko aukera handienetakoa Orpi higiezin agentziak du. Bere zuzendari Yolande Huguenard Kanboko udal kontseiluko gehiengoaren hautetsia eta hirigintza batzordeko kidea da aldi berean. Bozketan parte hartu ez zuenez, suprefetak ez du interes ilegalengatik neurririk hartzea ikusten, baina justiziak kontrakoa erabaki dezakeela adierazi du.

“Oraingoz hirigintza planaren inkesta publikoaren amaieraren zain egonen gara eta ikusiko dugu prefeturaren aholkuak errespetatzen diren”, ohartarazi du Nathalie Aycaguerre Nahi Dugun Herria taldeko hautetsiak. “Adi segitu behar dugu”.