Kazeta
Elkarrizketa
Mickael Forrest
Kanakyren Nazio Askapen Fronte Sozialistako (FLNKS) nazioarteko harremanetarako burua

“Kanak herria prest da bere gaineko ardura hartzeko”

Mickael Forrest, Kanakyren Nazio Askapen Fronte Sozialistako (FLNKS) nazioarteko harremanetarako burua urriaren 8an Gasteizko legebiltzarrean izan zen. Kaledonia Berrian eginen den erreferendumerako aste guti falta direnean, Mediabask kazetari elkarrizketa eskaini dio.

Errenfendumari buruzko lehen inkesten arabera, autodeterminazioaren kontra izanen litzateke Kaledonia Berriako gehiengoa. © Aurore Lucas. ©Aurore LUCAS
Errenfendumari buruzko lehen inkesten arabera, autodeterminazioaren kontra izanen litzateke Kaledonia Berriako gehiengoa. © Aurore Lucas. ©Aurore LUCAS

Europatik itzuli bat egin berri duzu eta estaturik gabeko nazio ezberdinetako ordezkariekin bildu zara. Zer garrantzia du lan diplomatikoak?

1986ko abenduaren 2tik deskolonizatu beharreko lurraldeen Nazio Batuen zerrendan egon gara. Emaitza gisa, akordio politikoak oinarri zituen 30 urteko aro batean sartu ginen. Hor dira 1988ko Matignongo Akordioak eta 1998ko Noumeakoak. Lehenak berroreka politikorako akordioak izan ziren, bigarrenak berriz, deskolonizazio prozesurako.  

Egun, aldi horren amaierara iristen ari gara eta guretzat biziki garrantzitsua da munduko askapen mugimendu ezberdinekin loturak sendotzea. 2017an gure lagun euskaldunekin harremanak berrartu genituen, baina baita Kataluniarekin eta beste batzuekin ere. Lan hau nazioarteko komunitatea gure proiektu politikoaz jabetzeko lagungarria da. Honakoa da Euskal Herrira jin izanaren arrazoia: kontzientzia sortu eta 2018ko azaroaren 4ko erreferenduma sustatzea.

Erreferenduma hurbil da. Zein da heldu diren asteetan hedatu nahi duzuen mezua?

Garrantzitsua da oroitzea, 2017an lurraldeko eragile ezberdinen artean galdeketa handi bat egin genuela. Kanak herria zeharkatu genuen, bere 341 tribu eta 34 herrixkak pasatuz. Kontzientzia sortu eta herritarrak parte hartzeko konbentzitzea zen gure xedea, baita independentzia politikoaren bideragarritasunaz zalantzati zeudenak lasaitzea ere.

Horrez gain, gure proiektua auzo herriekin partekatu dugu, erraterako, Papua Ginea Berria, Fiji eta Salomon uhartediekin. Nazio Batuekin ere egin dugu, deskolonizaziorako markoa eskaintzen digun heinean. Pazifikoan arazo frango dugu, tartean klimari loturikoak eta guretzat funtsezkoa da gure geroaren jabe izatea desafio hauei buru egiteko. Finean, mezu nagusia argia da: Estatu frantsesarekin 30 urtez akordio politikoak egin ondotik, egun Kanak herria prest da nazioen agertokian bere buruaren ardura osoa hartzeko.

Aipatu dituzun bilkura hauetan, zeintzuk dira Kanakyko eragile sozial eta politikoek helarazitako arrangura eta itxaropenak?

30 urtetan zehar, kanakek hezkuntzaren gisako zerbitzu publikoen garapena barneratu dute, bai eta lanpostu eta erretretaren gisakoena ere. Biztanleek dituzten aktibo garrantzitsuak dira. Independentziak ere lorpen sozial horiek segurtatzeko modua eskaini behar du.

“Frantzian geratzearen” aldekoek baldintza ekonomikoak, gutiengo sozialak, erretreta edota hezkuntza galtzeko beldurraren mezua zabaltzeak kezkatzen zaitu?

Tokiko eskuinak ez du nehongo proiektu politikorik, “Frantziarekin geratzea” besterik ez. Baina zuek eta nik dakigun gisan, memento honetan Estatu frantsesak arazo ainitz ditu. Europak, besteren artean, arazo sozialei, terrorismoari edo migrazio krisiari buru egin behar die. Gu berriz, munduko laugarren nikel ekoizlea gara, 150etik 200 urtera arteko erreserba dugu eta baliabide hau guhaurrek kudeatu nahi dugu.

Azaroaren 4ko erreferendumean baiezkoak irabaziko balu, zein litzateke jarraitu beharreko egutegia?

Baiezkoak irabaziz gero, Nazio Batuen babespean bitik lau urte arteko trantsizio aldi bat idekitzea proposatzen dugu. Tarte horretan botereen transferentzia negoziatu nahi genuke, gisa horretan estatu berriaren antolaketa plantan emateko. Nazio Batuek hainbat lege- xedapen eskaintzen dituzte. Ekialdeko Timorrekin elkarlan handia dugu. Deskolonizaturiko azken herrietako bat izanki, estatu baten antolakuntzarako laguntza ematen digu: moneta, armada, ordena publikoa...

Alta, ezezkoak irabaziz gero, zein litzateke FLNKSren estrategia?

Kasu horretan, Noumeako akordioak bi erreferendum aurreikusten ditu. Lehenean, lurralde biltzarretako hiru bostenak ukaitea beharrezkoa da, baina biltzarraren herena aski litzateke bigarren erreferenduma egiteko. Militante abertzale guziak garaipena lortzeko lanean ari dira.

Belaunaldi berriek nola ikusten dute borroka separatista? Lehengo belaunaldiekiko alderik ba al da?

Hurbiltasuna bada baina ezberdintasunetik. Hurbiltasuna borroka separatistaren segida da. Ezberdintasunak marko politikoarekin du zerikusia. 80ko hamarkadan borroka gogorrean ginen. 1990etik goiti, Matignongo akordioekin, hauteskundeen bidez botere politikoaren zati bat ukaiteko instituzio frantsesetan murgildu ginen. Egungo gazteriak beti bizi izan du giro baketsuago hau.

Pentsatzekoa da erreferendum hau osoki zaintzen ari zaretela. Nola jarraitzen ari zarete bere antolaketa?

Joan den ostegunean estatuarekin bilkura bat ukan genuen eta oraindik ezin omen digu erran zenbat kanak izanen diren hautets zerrendetan. 2005etik iruzurraren kontrako neurri ainitz hartu ditugu. 2014tik, Nazio Batuetako hautets begiraleen hiru misio ukan ditugu. Txostenek diote boz emaileen artean berdintasun printzipioaren haustura egoten ahal dela. Konparazio batera, erabaki ezberdinak hartzen dira antzeko kasuetarako. Zerrenda hau erreferendumaren ondotik palanka gisa erabili nahi dugu gai honetan punpa egiteko, guretzat biziki garrantzitsua den gaia baita.

Nazioarteko presiopean martxoan salbuespenik gabe kanak guziak automatikoki erregistratzeko akordio politiko bat lortu genuen. Aitzinamendu garrantzitsua da. Azaroaren 4an, Nazio Batuen nazioarteko begiraleak ukanen ditugu, noski.