“Trantsiziozko hiri” baterako zerrenda berri bat Baionan

Demain Bayonne-Baiona Bihar izeneko oposizioko talde berri bat sortu da Baionan. Eremu ezberdinetako berrogei bat lagun biltzen ditu, tartean Henri Etcheto buru duen Bayonne Ville Ouverte zerrendatik ateratako zenbait kide.

Kazeta|2018/10/15 13:55|0 iruzkin
Guz_bihar_baiona_bobedme102
Demain Bayonne-Baiona Bihar izeneko oposizioko taldeko kideak. © Bob EDME

Politika beste molde batean egin nahi dutela diote, “iraganeko zatiketatik ateraz eta hiritarren dinamika indartuz”. Hala aurkeztu zen Demain Bayonne-Baiona Bihar oposizioko talde berria joan den urriaren 11n. Henri Etcheto buru duen Bayonne Ville Ouverte (BVO) zerrendan egondako Mathieu Bergé, Marie- Christine Aragon edo Sophie Herrera- Landa daude zerrenda honen gibelean, besteren artean.

BVO-ren baitan zatiketa gertatu da, bertatik atera direnek ez baitzuten bere “metodo, ibilmolde eta ikuspegiarekin” bat egiten. Haien erranetan, zerrenda berriaren xedea “hiria iratzartzea, baina ez gobernatzea” da, ulertzera emanez horizontalki gobernatu behar dela eta ez modu bertikalean.  

Bere ideien artean, Euskal Elkargoaren aldekotasuna adierazi zuten, bai eta aniztasun kultural eta linguistikoaren aldekoa. Demain Bayonne-Baiona Bihar zerrendak hiriaren eraldaketa sozial eta ekonomikoa lagundu eta bere funtziotik trantsizio ekologikoa indartu nahi ditu.

2019ko hastapenean Baionako herritarrei eta hiri ingurukoei galdetegi bat igortzeko asmoa ezagutarazi dute, herritarrek nahi dituzten proiektuak jakiteko.

Zerrenda bururik ez oraino

Eraikitzen ari denez, talde honek ez du zehaztu zerrendan lehena nor izanen den. Bestetik, Baiona 2014-rekin aliantza posibleez galdetuta, egun hurbilketarik ez dela egon aipatu zuten, baina hori etorkizuneko etapa batean aztertuko luketela. Oraindik urte eta erdi geratzen da herriko etxeetarako hauteskundeak izateko.