Kazeta

Munduko Pilota Txapelketa abian, Bartzelonan

XVIII. Munduko Pilota Txapelketa urriaren 14an hasi zen Bartzelonan eta heldu den urriaren 20ra bitarte jokatuko da. Euskal pilotari andana batek parte hartuko du Frantzia eta Espainiako selekzioak ordezkatuz. Ipar Euskal Herriko pilotariak prest dira onena emateko.

B. Ducassou et P. Guichandutek Munduko Txapelketan jokatuko dute. © Bob EDME
B. Ducassou et P. Guichandutek Munduko Txapelketan jokatuko dute. © Bob EDME

Bartzelonako Munduko Pilota Txapelketaren lehen partidak urriaren 14an jokatzen hasiak dira. Urriaren 20ra arte iraungo duen hemezortzigarren edizioaren berrikuntza nagusietariko bat pilotari profesional eta profesional ohien partaidetza da. Lehen aldiz gertatuko da hori.

Txapelketan orotara parte hartuko duten 14 herrialdeen artean, Frantzia eta Espainiako selekzioak ordezkatuz hirurogeitik goiti euskal pilotarik jokatuko dute. Kontuan hartu behar da egun euskal selekzioa ez dela Nazioarteko Pilota Federazioan onartua eta ez duela parte hartzeko aukerarik.

Trinketean esku-huska aukera handiak

Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko pilotariak Frantziako selekzioarekin arituko dira eta azken asteetan txapelketan emaitzarik onenak lortzeko prestaketa egin dute. Manu Martiarena Ipar Euskal Herrian trinketean esku-huska jokatzen duten pilotarien hautatzaileak uste du faboritoak direla, baina argi du deus ez dela egina. “Urrezko bi domina ekartzen entseatuko gara, baina ez dugu oparirik izanen, ezta oparirik egiteko ere”.

Trinketean esku-huska jokatuko duten pilotariak Peio Larralde, Bixintxo Bilbao, Battitt Ducassou, Mathieu Ospital eta Peio Guichandut dira. Urriaren 15ean astelehenarekin Mexikoren aurkakoarekin ekingo diote txapelketari, handik bi egunetara Boliviarekin lehiatzeko. Finalaurrekoak urriaren 18an izanen dira eta finala urriaren 20an, arratsaldeko 14.00etan.

Dozena bat domina helburu

Frantziako Euskal Pilota Federazioko presidente den Lilou Echeverriak Bartzelonan dozena bat domina lortzea espero du. Orotara hamalau final jokatuko direnez, 42 domina izanen dira jokoan. Echeverriaren usteak beteko balira, dominen laurdena lortuko luke selekzio frantsesak, nagusiki Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko pilotarien eskutik.

Trinketean esku-huska ez ezik, garaipena modalitate ezberdinetan lortzeko aukerak ditu selekzio frantsesak, pilotarien artean elite goreneko kirolariak baitaude.

Ezker paretan pala motzean Dan Necol eta Sylvain Brefelek dituzte aukerak; larruzkoan Justin Dardenne, Pierre Casteran, Benoit Chatellier y Mikael Mangaman-Mouny palistek; zesta-puntan Jean-Dominique Olharan, Christopher Olha, Patxi Tambouréguy, Nicolas Etcheto, Eric Irastorza eta Davic Minvielle puntistek; emazteetan berriz, trinketean gomazko paleta modalitatean jokatuko duten Sylvie Halsouet, Maritxu Chapelet-Housset eta hirutan txapeldun izandako Stephanie Leizak.

Aurtengo berrikuntza dela eta, deigarria da, halaber, Yves Salaverri Xalaren partaidetza. Profesionaletan ezker paretan esku-huska garaipen handiak lorturiko lekuindarra ezker paretan arituko da, trinketean txapeldunorde izandako Ion Iturbe Biarritzeko klubeko pilotaria bezala.