Kazeta

Jakes Esnalen askapenari buruzko erabakia, azaroaren 20rako

Asteazken honetan, urriaren 11n, Parisko zigor auzitegiak Jakes Esnal preso lohizundarraren baldintzapeko askatasun eskaera aztertu du. Bagoaz kolektiboak elkarretaratzea egin du bere jaioterrian, “Jakes askatu, egun bat gehiagorik ez” lelopean.

Bagoazek Donibane Lohizunen antolatutako elkarretaratzea. ©Bob EDME
Bagoazek Donibane Lohizunen antolatutako elkarretaratzea. ©Bob EDME

Jakes Esnalek 28 urtetik goiti daramatza preso. Bizi guzirako kondenatua, jadaneko hamar urte joan dira baldintzapeko askatasuna eskatzeko kondizioak betetzen dituela. Esnalen askapenerako egindako bigarren eskaera urriaren 10ean aztertu zuen Parisko zigor auzitegiak.

Prokuradoreak eskaera errefusatu zuen, “desegokitzat” hartuz Maritxu Paulus Basurco euskal presoaren abokatuak emandako informazioa. Jakes Esnalek Ile-de-Ré presondegitik jarraitu zuen auzi saioa, bideokonferentzia bidez. Bere abokatuak dosier bat aurkeztu zuen, zeinean lan eta etxebizitzarako promesa egiten den, beste berme batzuen artean. Auzitegiak azaroaren 20an hartuko du deliberoa.

Arratsean, Donibane Lohizuneko tren geltokian 100 bat lagun bildu ziren, Esnalen askapena exijitzeko. Elkarretaratzea euskal presoen eskubideen aldeko Bagoaz kolektiboak antolatu zuen. Kolektiboak oroitarazi zuen urtetan zehar zigor luzeetara kondenatuak diren euskal presoen askapena eskatzeko mobilizazio frango egin dela. Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Xistor Haranburu 1990ean ETAren kontrako operazio batean atxilotu zituzten eta gaur arte, haien askatasun eskaera guziak errefusatuak izan dira. Unai Parot garai berean atxilotu zuten Estatu espainiarrean.

Bagoazek espero du epaileek testuinguru politikoa kontuan hartuko dutela. Lehentasuna zigor luzeak eta eritasun larriak dituzten presoen askapenean ezarri du. Bestalde, Estatu frantsesak hainbat preso Mont-de-Marsan eta Lannemezaneko presondegietara hurbildu dituela eta, hamar bat eragile biltzen dituen kolektiboak Estatuak hurbiltze prozesu hau osorik bete dezala exijitu du.

Gisa berean, Sare plataformak urriaren 20rako Donostian antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Hitzordu horretan euskal preso guzien Euskal Herriratzea aldarrikatuko da, bereziki Estatu espainiarrari zuzendutako mezuan. Milaka pertsonen parte hartzea espero dute.