Iurre BIDEGAIN

Euskara ardatz izanen du Aitzinaren kanpaina berriak

Aitzina gazte antolakundeak "Zuk euskara, euskarak zu!" lelopean burutuko duen kanpaina berria aurkeztu du urriaren 9an. Euskara ardatz izanen dituzten lan ildoak plazaratu ditu militantzia-eredu berriei erantzuteko xedea duen antolakundeak.

Euskara, feminismoa eta etxebizitzaren gaiak lehentasunezkotzat jotzen ditu Aitzinak. Ildo horretatik, euskararen alde joko duen kanpaina berria aurkeztu du mugimenduak urriaren 9an Baionako herriko etxeko plazan. Ikasturte berriari begira egin dituen apustuak eta aurreikusitako lan ardatzak plazaratu ditu.

Lehen urrats gisa, "Euskararen alde, zuzen!" lelopean, euskarazko akatsak dituzten bide-seinaleak salatu eta erabateko zuzenketa eskatzeko ekimenak burutuko ditu. Bere erranetan, euskararen ezagupena oztopatzeaz gain, "mespretxu publikoaren" seinale dira erruak. Akatsak dituzten seinaleak salatzeko deia luzatu die herritarrei. Gisa berean, euskaraz bizitzeko ezintasuna salatzeko ekimen desobedienteak biderkatuko dituela iragarri du.

Heldu diren hilabeteetan euskara erdigunean kokatuko duten egitasmoak burutuko dira Euskal Herrian, hala nola, Euskaraldia eta Korrika. Aste batez hizkuntza ohiturak aldatuko dituen proiektuari bere ekarpena egin nahi dio Aitzinak. Horretarako, "Ahobizi" formakuntzak eskainiko ditu hainbat gaztetxetan. Hitzorduei buruzko xehetasunak argitaratuko ditu ondoko egunetan.

Euskal Elkargoak egindako urratsak "begi onez" ikusten ditu Aitzinak. "Urrats bat gehiago egitea borondate politikoaren kontua da. Urrats sinbolikoez harago joan behar da egun batez ofizialtasunaren urratsa burutu ahal izateko", nabarmendu du Aitor Servier Aitzinako bozeramaileak.

Bilan "gazi-gozoa"

Euskararen arloaz harago, zerbitzu militarrari ezezkoa adierazteko asmoaren berri ere eman du. Ikasleekin erantzun bat prestatzen ari dela aipatu du. Halaber, heldu den urtean Biarritzen iraganen den G7 gailurraren karietara, herrien burujabetzaren aldarria entzunaraziko duela dio.

Iaz etxebizitzaren problematikari buruzko lanketa burutu zuen mugimenduak. "Bilan gazi-gozoa egiten dugu. Alimaleko problematika korapilatsua da. Gazteriaren baitan kontzientziazio lan bat egin dugu, baina ez ditu espero genituen fruituak ekarri. Gazte sektore zabalago batzuk aktibatu nahi ditugu", azaldu du bozeramaileak. Geroari begira, etxebizitzaren arloaz arduratzen den taldeak lanean segituko duela erran du.