Kazeta

Joseba Sarrionandiaren unibertsoa pantaila handira ekarria

Hamabi zine zuzendarik Joseba Sarrionandia idazlearen testuekin osaturiko “Gure oroitzapenak” filma sortu dute. Heldu diren egun eta asteetan Euskal Herriko zinema geletan ikusi ahalko da. Ipar Euskal Herrian, zehazki, urriaren 8tik 17ra.

‘Gure oroitzapenak’ filmaren fotograma bat.
‘Gure oroitzapenak’ filmaren fotograma bat.

“Gure oroitzapenak” filma zinema geletan ikusgai izanen da aste honetatik goiti. Hamabi film laburrez osaturiko lana da. Hamabi leiho Joseba Sarrionandia idazle eta poetaren munduan murgiltzeko. Filmean kontatzen den istorio bakoitzak olerki, eleberri edo hauetako zatiren batekin du lotura. Kurdistanetik, Bilboko karrikak iraganez Dunkerquerainoko zeharkaldia egiten duen mosaiko honek Sarrionandiak hainbeste maite dituen gaiak jasotzen ditu.

Filma honek euskal zinemaren leihoa ere idekitzen du, atzerriko hiru zinegilerekin batera, Euskal Herriko zuzendari ainitzek parte hartu baitu: Oskar Alegría, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz, Maider Oleaga, Maialen Sarasua, Özcan Alper, Eugene Green eta Carlos Quintela.

Joseba Sarrionandia eta bere lana artista ainitzen inspirazio iturri dira aspalditik. Musikaren esparruan aipatzen ahal dira Ruper Ordorika, Mikel Laboa edo Kortatu, beste hainbaten artean. Manex Fuchs aktoreak uste du “Sarrionandia iruditegi kolektiboaren parte dela, baita haren lana irakurri ez dutenentzat ere”. Alta, lehen aldia da idazle eta poetaren lana pantaila handira eramana izanen dena.

Itziar Leemans lohizundarrak “Bainera” olerkia egokitu zuen bere laburra egiteko. Sarrionaindiak tortura eta erbeste mugagabea azaltzen ditu bertan. Gogorra iruditu zitzaion eta justuki horrek konbentzitu zuen lanean murgiltzera. Euskal Herrira itzuli zenetik hau da Leemansek egin duen lehen filma.

“Gure oroitzapenak” Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberoko zinema gela independenteetan ikusgai izanen da, Biarritzekoan salbu. Emankizuna Gastibeltza Filmak eta Donostiako Zinemaldiari esker ikusi ahalko da. Adabakik ekoitzia eta Gastibeltza, Elkar eta Zenbat Gara elkartearen parte hartzearekin, filma Donostiako festibaleko Zinemira atalean aurkeztu zen joan den irailean.


Emanaldien egitaraua

“Gure oroitzapenak” Euskal Herriko zinema geletan ikusi ahalko da. Ipar Euskal Herrian urriaren 8tik goiti hasi da jadaneko eta Hego Euskal Herrian urriaren 19tik. Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberoan frantsesezko azpititulua izanen du eta zortzi geletan ikusi ahalko da, errealizadore eta aktoreak bertan izanen direlarik.

Urriak 8 astelehena, Donibane Garazi
Le Vauban zineman, 20.30ean.
Josu Martinez errealizadorea izanen da.

Urriak 9 asteartea, Hendaia
Les Variétés zineman, 20.30ean.
Mireia Gabilondo errealizadorearekin.

Urriak 11 osteguna, Donapaleu
Saint Louis zineman, 20.30ean.
Manex Fuchs aktorearekin.

Urriak 12 ostirala, Baiona
L´Atalante zineman.
19.30ean aperitifa eta kontzertua D´Capricho taldearekin.
20.45ean filmaren proiekzioa, Ane Muñoz errealizadorearekin.

Urriak 13 larunbata, Maule
Maule Baitha zineman, 20.30ean.
Oskar Alegria eta Popol Boscq aktorearekin.

Urriak 14 igandea, Kanbo
L´Aiglon zineman, 18.00etan.
Josu Martinez errealizadorearekin.

Urriak 15 astelehena, Urruña
Itsas Mendi zineman, 20.00etan.
Manex Fuchs aktorearekin.

Urriak 17 asteazkena, Donibane Lohizune
Le Select zineman, 21.00etan.