Kazeta

2018ko Xilaba, arnas berri bat bertsularientzat

Aurtengo Xilaba bertsu txapelketa formula berriarekin aurkeztu dute. Taldekakoa izanen da eta orotara 44 bertsulari igoko dira tauletara, izena eman duten 11 taldetan banaturik. Txapelketa urriaren 12an hasiko da Gamere-Zihigan eta finala Baigorrin jokatuko da abenduaren lehenean.

Xilaba txapelketaren aurkezpena Baionan. ©Aurore Lucas
Xilaba txapelketaren aurkezpena Baionan. ©Aurore Lucas

2018ko Xilaba bertsulari txapelketa berrikuntza nabarmenarekin dator, banaka beharrean, lehen aldiz taldeka jokatuko baita. Heldu den urriaren 12an Gamere-Zihigan emanen zaio hastapena eta abenduaren 1eko finalarekin amaituko da, Baigorrin. 11 taldetan banaturik 44 bertsularik parte hartuko dute 14 saio izanen dituen edizio berrian.

Xilabak nehoizko parte hartzerik handiena izanen du, bertsularien artean abantzu erdia lehenengoz taularatuko baita. Preseski, bertsulariei urrats hori egiteko aukera ematea izan da Bertsularien Lagunak elkartearen xedea, bertsu eskoletan biltzen den jendea plazaratzeko zubia eskainiz. Aurtengo txapelketaren aurkezpenean, elkarteak azaldu du Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberoko bertsulariek ez dutela erraz izena ematen banakako txapelketan. Formula berriarekin joera hori aldatu nahi dute.

Halere, Xumai Murua elkarteko lehendakariak erran du aldaketa ez dela erabatekoa izanen, 2020an Xilaba banakako eredura itzuliko baita. Kontuan hartu behar da 2021eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusira joateko, Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberoko hiru bertsulari sailkatu behar direla eta hala izan dadin banakako Xilaba antolatzea baitezpadakoa izanen dela.

11 talde eta 14 saio, herri giroan

Hauek dira 2018ko Xilaban parte hartuko duten taldeak: Eskukula (Amikuze); Tirrit (Baigorri eta Itsasu); Otsoaren 7 umeak (Donibane Garazi); Dilindan (Makea eta Hazparne); Sasi Bertsolariak (Hendaia eta Ziburu); Ostatu Batuak (Hendaia eta Urruña); Ezkorbrutak (Hiriburu); Kantiniersak (Maule eta Xiberoa); Mattinsalto (Azkaine eta Sara); Kontrabanda (Azkaine eta Sara); eta Kosta ala Kosta (Hendaia).

Saioei dagokienez, urriaren 12tik azaroaren 17ra bitartean ligaxkaren fasea eginen da. Antolatzaileek kasu ainitzetan bertsu afariaren moldea proposatu dute, nonbait txapelketak izaten duen zurruntasun puntua hautsi eta giro hurbilagoa sortzeko.

Taldeek bertsutan aritzeaz harago, saio bakoitzaren antolakuntzan parte hartuko dute. Bati egokituko zaio antolaketa lana; bigarren taldea gomitatua izanen da; epaile lana hirugarrenari egokituko zaio eta laugarrenak, saio horretako gaiak prestatzeko ardura izanen du. Saioetarako lan banaketa zozketa bidez finkatu zen.

Behin ligaxkaren fasea gainditurik, sailkatuko diren 4 taldeek finalaurrekoak lehiatuko dituzte. Lehena azaroaren 23an izanen da Suhuskunen, bi talderen artean. Beste bi taldeak, berriz, azaroaren 24ean Baionako Zizpa gaztetxean arituko dira. Finalaurreko bakoitzeko garailea pasako da finalera. Abenduaren 1ean Baigorriko Plaza Xoko gelak hartuko ditu bi finalistak eta ondotik, afaria izanen da.