Kazeta

Lekorneko kantina bioa: eredu berri baten lekuko

2018ko iraileko eskola sartzearekin batera, Makea eta Lekorneko haurrei kantinan tokiko elikagai fresko eta biologikoekin osatutako otorduak eskaintzen zaizkie. Desmartxa berrian lanean ari direnek aste gutitan hoberako aldaketak ikusi dituzte. Kantinetan halako ereduak hedatzea mahai gainean den eztabaidagaia da.

Lekorneko kantinan tokikoak, freskoak eta biologikoak diren produktuak eskaintzen dituzte. © Bob EDME
Lekorneko kantinan tokikoak, freskoak eta biologikoak diren produktuak eskaintzen dituzte. © Bob EDME

2018ko irailean, Lekorneko herriak eta eskolak haurrak hobeki elikatzeko hautua abian jarri dute. Gaur arte kantinako jana catering enpresa batek prestaturik eramaten zuen, baina aurten, sukalde eta sukaldari propioak dituzte. Orain %90ean tokiko elikagai fresko eta biologikoak baliatzen dituzte kalitatezko otorduak eskaintzeko.

Lekorne Pirinio Atlantikoetako departamenduak eta ADM64-k (64 hiriguneko auzapez eta presidenteen elkartea) 2016an izenpeturiko “kantinan bio eta tokikoa jan” akordioaren baitako herri pilotuetako bat da. Bidarte, Beskoitze, Mugerre, Samatze eta Ahurti ere prozesu honetan sartuak dira, baita Donibane Garaziko bigarren hezkuntzako Nafarroako lizeoa ere.

Lekorneko proiektua abian jarri aitzin, bertako hautetsi eta burasoen artean hainbat bilkura publiko egin izan dituzte. Halako zerbitzu bat emateak aldaketa handia ekartzen baitu eta elementu frango hartu behar baita kontuan.

Tokiko produktu fresko eta biologikoak

Aurélien Boisserie da kantinako sukaldaria eta bereziki tokiko eta kalitatezko produkturik onenak xerkatzen dituztela aipatu du. “Barazkiak Lekorneko Garroa kooperatibatik ekartzen ditugu, haragia Mauleko Axuria kooperatibatik eta jogurtak Lekorneko Dubois esnekien kooperatibatik”. Idoki eta Herriko labeleko produktuak ere baliatzen dituzte kalitatea bermatzeko. “Kantinan produktu freskoak erabiltzen ditugu. Horretarako, herriko ahalik eta jende gehienarekin lan egiten entseatzen gara”, erantsi du Boisseriek. Alta, dioenez, beti ez da erraza tokiko fruitu eta zereal biologikoak aurkitzea.

Lekorneren gisako ereduak Ipar Euskal Herri osora hedatzeko aukeraz galdetuta, Thomas Erguy Biharko Lurraren Elkarteko (BLE) kideak uste du posible dela kantinek %100ean tokiko produktu ekologikoak eskaintzea. Alta, Erguyk ere hainbat produktu ezingo dituztela eman aipatu du, hauen artean, fruitu exotikoak. Horretaz harago, oraino Ipar Euskal Herriko hainbat ekoizpen aski hornitu gabe direla uste du. “Espezializazio arazo bat badugu eta ekoizpena dibertsifikatzea beharrezkoa da horniketa osoa tokikoa izateko”, adierazi du BLEko kideak. Lurraldeak arazorik gabe catering zerbitzu bat eskaintzen ahal duela uste badu ere, ekoizpenetik banaketaraino gauza ainitzetan garapen bat beharko litzateke.

Bitartean, BLE elkarteak ekoizle, hazle eta baratzezainei aukera ematen die eskoletako kantinak haien produktuez hornitzeko. “Ekoizleak informatzen ditugu, haien produktuak non saldu jakin dezaten eta eskaerei kolektiboki erantzuten entseatzen gara. Beren kasa, ekoizleek usu ez dute aski ahalik izaten”, arrazoitu du Erguyk.

2017an sortutako Bertakoa izeneko elkarteak ere osoki tokiko produktuekin lan egiten du. Baionako Etxepare lizeo berriarekin batera egin zituen lehen urratsak. Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin elkarlanean, Bertakoak platerak Baionako lizeoko sukaldean prestatzen ditu, tokiko ekoizleen lana sustatu eta kantinetan kalitatezko otorduak proposatzeko xedearekin.

Molde aldaketak duen harrera

Aldaketek beti zalantzak sortzen dituztenez, hastapena ez da erraza izaten. Boisserie Lekorneko sukaldariak aitortu du hastapenean burasoak nahasiak zirela, baina orain kontent direla dio, haien seme-alabek hobeki jaten dutelako eta herriak egin duen inbertsioaz jabetu direlako. “Haurrak uros dira, kantinaz ongi mintzatzen dira. Burasoek ez zuten horren usaiarik! Orain batzuk lehen baino gehiago inplikatzen ari dira”, baieztatu du.

Thomas Erguy BLEko kideari galdetuta, bere ustez eredu aldaketak duen harrera, pertsonen eta hauen motibazioaren araberakoa izaten da. Haatik, azaldu du unibertsitateetan sukaldari ainitzentzat tokiko ekoizleekin lan egitea plazera dela eta enpresa saltzaileekin ez zela hala gertatzen. Ildo horretan, Donibane Garazin kokatua den Nafarroako lizeoko esperientzia ekarri du gogora. Modu progresiboan, inteligentean eta lurraldeak eskaintzen dituen aukerak baliatuz, ohiko ereduen gisako buxetak mantentzea posible dela erakustea lortu zuten.

Bertakoa elkartea ere bada elikatzeko moldean aldaketa baterako nahia erakusten duen adibide bat. Izan ere, Baionako Etxepare lizeoaz gain, beste 18 lekutara banatzen du janaria. Ildo horretan,  2018ko udazkenetik aitzina Hiriburu, Lehuntze, Urketa, Hazparne, Bokale eta Milafrangako eskolek bere zerbitzuak jasotzeko hitzarmena izenpetu dute.

Prezioak, saihestezina izaten den gaia

Lekorneko kasuan ere, diruaren afera zailtasun bat da. %100a biologikoa izatea oraingoz ezinezkoa da, ezingo bailukete arrazoizko prezio bat eskaini. Jana prestatzeak 4,30 euro inguru balio ditu eta burasoek 3,85 euro ordaintzen dituzte. Gainerakoa herriko etxeak bere gain hartzen du, hautetsiek harturiko engaiamenduari jarraikiz.

Bertakoaren kasuan, otordu batek 3,10 euro balio ditu, burasoek aitzinetik ordaintzen zutena baino 30 zentimo gehiago. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariaren erranetan, prezioaren emendatzea arrazoitua da, eskaintzen diren otorduen kalitatea hobea baita. Gainera, horren ondorioz, hondakin gutiago sortzen dela dio.

Prezioen aferari loturik, Thomas Erguy BLEko kidearen iritziz Estatu frantsesak ezin du helburuen artean kantinetan %20tik %50era elikagai bioak izatea proposatu eta aldiz, laborantza biologikorako laguntzak murriztea deliberatu. Guziak norabide berean joan behar duela uste du.

Finean, eskoletako kantinetan elikatzeko eredu berri bat ezartzeak eraldaketa oso bat ekartzen du, jasangarritasuna ere garrantzitsua izanik. Lekorneko Boisserie sukaldariak ideia hori hala laburtu du: “Mentalitateak aldatzen entseatzen gara, haurrei nahiz burasoei planeta salbatu eta ahalik eta gutien suntsitzeko gauzak egin behar ditugula erakutsiz. Beste molde batez jaten ikasi behar dugu eta bide onean ari gara”.