Kazeta

Donibane Garazi eta Izpura arteko pasabideak hetsita jarraitzen du

2018 urte hastapenetik Donibane Garazi eta Izpura lotzen dituen oinezko pasabidea SNCF tren konpainiak ezarritako burdin hesi batekin hetsia da. Herritarrek eta hainbat elkartek petizio bat plantan emana dute, pasabidea berriz idekitzeko galdeginez.

Momentukoz, 130 pertsona inguruk izenpetu du eskaera.
Momentukoz, 130 pertsona inguruk izenpetu du eskaera.

Hilabete ainitz dira burdin hesi batek Donibane Garazi eta Izpura arteko oinezko pasabidetik iragaitea galarazten duela. Zalikarte izeneko bide horrek trenbidea zeharkatzen duenez, SNCF tren konpainia frantsesak segurtasuna jarri zuen erabaki hori hartzeko arrazoi gisa.



2018ko martxoan, prefekturak dekretu bat jakinarazi zuen, pasabidearen itxiera bertan behera utzi behar zela adieraziz. Alta, burdin hesiak hor jarraitzen du eta herritarrek prefekturaren delibero hori aplikatzeko galdegiten dute.



Justuki, egoera hau luzatzen ari zela ikusirik sortu zen “Berriz idekazue Zalikarteko bidea” kolektiboa, petizio bat plantan emanez. Momentukoz, 130 pertsona inguruk izenpetu du eskaera orria. Izenpetzaileentzat SNFCk emandako arrazoiak ez dira onargarriak. Haien erranetan, egunero soilik lau tren iragaiten dira bertatik, beti pasabidea aitzin geratzen direlarik. Gisa berean, betidanik bertatik jende ainitz pasa dela eta nehoiz ez dela istripurik izan gehitu dute.



Bide beretik, CADE (Euskal Herriko eta Hego Landetako ingurumenaren defentsarako elkarteen kolektiboa) eta “Berriz idekazue Zalikarteko bidea” kolektiboak hainbat gutun igorri zituzten joan den maiatzean. Hain zuzen, Pirinio Atlantikoetako departamenduko idazkari nagusiari, departamendu bereko lurralde eta itsaso zuzendariari eta SNCF konpainiaren Jean-Claude Brasquies ordezkariari bidali zizkieten.



Gutunean, herritarren asperdura eta petizioen berri ematearekin batera, prefekturaren deliberoa aplika dadin haien ahal guziak jar ditzatela galdegin zuten. Bestetik, SNCFk bizi publikoari eragiten dion halako erabakirik ezin duela hartu deitoratu zuten.

Haatik, SNCFk prefekturaren erabakia bete gabe segitzen du eta herritarrek Donibane Garazi eta Izpura lotzen dituen Zalikarte bidea ez dute erabiltzerik, oraingoz.