“Zuper” besta Baionako Gainetan

Urriaren 13an arratsaldeko 14.00etatik goiti ospatuko da Baiona iparraldeko Hauts-de-Sainte-Croix auzoko besta. Bere laugarren edizioan, kontzertuak, kirolak, aisialdirako aktibitateak edota sukaldaritza parte hartzailea jasotzen ditu auzotarrek prestatu duten egitarauak.

Kazeta|2018/10/03 07:40|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2018-10-03_a_07
Animazioak arratsaldeko 14.00etan hasiko dira.

Aurten ere, Baiona iparraldeko Hauts-de-Sainte-Croix auzoko herritarrak eta elkarteak “Zuper Fête” gisa izendatu den besta antolatzen ari dira. Hitzordua heldu den urriaren 13ko arratsaldeko 14.00etatik goiti emana da, Breuer eraikin blokearen inguruetan.

Laugarrenez eginen den besta egun honen egitarauan kontzertuak, kirolak, jokoak, kultur emanaldiak, arte tailerrak eta afari handi bat iragarri dituzte. Alta, besta egun honek batez ere auzoa mobilizatzen du, urtez urte gero eta gehiago baitira parte hartzen duten bizitzaileak.

Hazia 2014an jarri zuten, auzokideen arteko bazkari baten ondotik. Urtero ekimen horri segida azkarragoa eman nahirik, Santa Cruz kolektiboa sortzea deliberatu zuten. Denborarekin, besta egunak garapen bat izan du. Pario gisa, jada bigarren urtean afari parte hartzaile baten prestakuntzari ekin zioten, zeina egunaren topaketa nagusietarikoa bihurtu den. Munduko errezeta ezberdinekin eginen den afariak ederki islatzen du auzoaren aberastasun eta aniztasuna. Aurten bildotsa izanen da errezeta horiek prestatzeko oinarrizko osagaia.

2018ko berrikuntzetako bat egunari eman zaion “Zuper Fête” izendapena bera da. “Zuper” hitza lehen aldiz auzoko gazte batek erabili zuen, Artotekafe elkartearen izen aldaketarako egin zen galdeketan. Proposamenak harrera ona ukan zuen bizitzaileen artean.

Animazio andana egitarauan

Egunari arratsaldeko 14.00etan emanen zaio hasiera, Breuer eraikin azpiko berdeguneetan. 17.00ak bitarte, tenis, kung fu edota futbolean aritzeko aukeraz gain, tailerrak ere izanen dira, hala nola: sukaldaritza, bizikleten konponketa edota baratzezaintza. Gisa berean, bertaratuko denak Aurélien Delwood artistarekin argazkigintza tresnak baliatu eta sormen artistikoa entseatzeko parada izanen du. Egitaraua folk, afro, reggae eta ekialdeko musika tartekatu dituzten kontzertuek osatuko dute. 

Arratsalde guzian zehar auzotarren kolektiboak pastizak salduko ditu, Atherbea elkarteko hezitzaileek edana eskainiko duten bitartean. Arratsaldeko 19.00etan eginen den afari parte hartzailean berriz, munduko sukaldaritza dastatzeko aukera izanen da. Erreserbak mementoan berean egiten ahalko dira eta helduentzat 5 euroko eta haurrentzat 2 euroko balioa izanen du.