Kazeta

Mukobiszidosiaren kontrako eguna Lekuinen

Heldu den irailaren 30ean, igandearekin, Mukobiszidosia Garaitu elkarteak “Itxaropen Biradak” ekimena antolatu du Lekuinen. Egun hau eritasun genetiko honen kontra sentsibilizatu eta dirua biltzeko urteroko hitzordua da. Goizeko 8.00etatik goiti bizikletaz eta oinez hainbat irtenaldi eginen dira. Haurrentzat animazioak ere prestatu dituzte.

Itxaropen Biradak 2005az Lekuinen iragaiten den ekimena da.
Itxaropen Biradak 2005az Lekuinen iragaiten den ekimena da.

Estatu frantsesean, hiru egunetik behin haur bat mukobiszidosia edo fibrosi kistikoarekin sortzen da. Eritasun genetiko eta hilkor honek arnasketa sistema eta digestio-aparatuari eragiten dio. Ildo horretan, Mukobiszidosia Garaitu elkarteak heldu den irailaren 30ean eritasun honen inguruan jendartea sentsibilizatu eta dirua biltzeko egun bat antolatu du Lekuinen. Elkarte honen urteko buxetaren erdia ekitaldi honetan biltzen diren emaitzek bermatzen dute.   

Egunari, oinez eta mendiko bizikleta ibilaldiekin emanen zaio hastapena. 25 eta 20 kilometroko oinezko itzuliaren irteera Lekuineko ezker paretaren aitzinean izanen da, goizeko 8.00etan. 12 kilometrokoa berriz, 9.30ean abiatuko da eta azkenik, guzietan laburrena (4 km), 10.30ean. Bizikleta ibilaldiei dagokienez, 25 eta 35 kilometrokoen irteera goizeko 8.30ean finkatua da eta saio laburrarena (12 km), 9.15ean.

Ahalegin fisikoaren ondotik, indarrak berritzeko, 12.30ean talo, xingar eta patata frijituak eskainiko dira. 14.00etatik goiti, haurrentzat jokoak izanen dira.

Itxaropen Biradak-” lehenengoz 2005ean ospatu zen Lekuinen eta ordutik, ekitaldi honen bitartez 470.000 euro bildu ahal izan dira. Egunaren antolakuntzan 120 boluntariok parte hartzen dute eta urtero 1.200 pertsona inguru hurbiltzen dira.