Hendaiako Baleak elkartearen solasaldiak abian

Baleak elkarteak Hendaia eta Ipar Euskal Herriari buruz solasaldi bat proposatuko du hilabeteroko azken ostegunean. Lehena heldu den irailaren 27an izanen da, Eneko Bidegain idazlearen eskutik.

Kazeta|2018/09/25 13:51|0 iruzkin

Irailaren 27an emanen zaio hasiera Hendaiako Baleak elkarteak antolatutako solasaldi zikloari. Arratsaldeko 18:30ean, elkartean berean Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasle, kazetari eta idazle baionarrak berriki argitaratu duen “Lurraldea eta herria” liburua aurkeztuko du.

Bidegainen saio-liburuan lantzen dira lurraldearen batasunaren garrantzia, Euskal Herria herri batua izatetik herri zatitua bihurtu arteko mendez mendeko kronika, herriaren askatasun nahiz batasun egarria eta egungo egoera administratiboak alor ainitzetan sortzen duen egoera arriskutsua. Halaber, herria artikulatzeari begira zenbait oinarri edo abiapuntu ere proposatzen ditu.

Hilabete berantago, urriaren 25ean, ordu eta toki berean, Anaitze Agirre SOS Arrazakeria erakundeko kide, EHU-ko irakasle eta kazetariak “Etorkinak, muga eta gu” izenburupean mintzaldia eskainiko du. Solasaldi honetan Agirrek etorkinak inguru hauetara jindakoan izaten dituzten bizipenak azalduko ditu.

Zikloaren lehen itzuliari amaiera emateko, azaroaren 29an, arratsaldeko 19:30ean, Iker Elizalde EH Baiko kide, Hendaiako hautetsi eta Euskal Elkargoko kideak, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan 2017ko urtarriletik martxan den instituzioaren inguruko xehetasunak emanen ditu. Hain zuzen ere, Euskal Elkargoa zer den eta egun zer konpetentzia dituen argituko du.

Abenduan lehen itzuli honen bilana egin ondotik, hurrengo solasaldi saioak urtarrilean berrabiatuko dituela iragarri du Baleak elkarteak.