Kanpaldi bat antolatu dute Larrun mendian

Aman Komunak sareak antolaturik, urriaren 13 eta 14an kanpaldia eginen da Larrungo gailurrean. Ekimenaren xede nagusia Larrunen egin asmo den plataforma turistikoa salatzea da.

Kazeta|2018/09/24 06:50|0 iruzkin
1024px-la_rhune
Larrungo kaskoan izanen da hitzordua.

Urriaren 13 eta 14an Larrun mendian kanpaldi herrikoi, parte hartzaile eta autogestionatua antolatu du Aman Komunak sareak. Ekimen honen bidez mendi horretan egin nahi den plataforma turistikoa salatu nahi dute eta gisa berean, tokiko elkarteek proiektu horren kontra daramaten lana sustengatu.

Kanpaldiari hastapena emateko hitzordu nagusia urriaren 13an arratsaldeko 14.00etan ezarri dute, Larrungo gailurrean. Bertara igotzeko hartu beharreko bidea norberaren esku izanen dela jakinarazi du sareak.

Muntaketa eta bazkariaren ondotik, egun bereko arratsaldean zehar eztabaida, animazio eta adierazpen kulturalak iragarri dituzte. Bide batez, nahi duenak bere gai edo musika tresnak eramateko proposatu dute.

Biharamuneko goizean, Aman Komunak sareko kideen batzarra iraganen da.

Kanpaldian parte hartu nahi duen orori oihal etxea, lo zakua, esku argia, platera eta edalontzia eramateko galdegiten zaio. Antolatzaileek karpa bat, sukaldea, ostatua eta komun lehorrak segurtatuko dituztela iragarri dute.