Iurre BIDEGAIN

Euskaraldiaren hamaikakoa, lurraldearen aniztasunaren isla

Ipar Euskal Herriko 59 herrik Euskaraldiarekin bat egin dute. Herritarren txanda da, orain. Hain zuzen, norbanakoek izena emateko epea irekia dago. Orain arte bat egin duten herritar horien aniztasunaren isla Ipar Euskal Herriko hamaikakoa da. Arlo ezberdinetatik etorritako herritarrak dira, bakoitza bere arrazoi eta helburuekin.

Euskaraldiaren ariketa soziala azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatuko da Euskal Herri osoan. "11 egun euskaraz" lelopean iraganen den ekimenak euskaltzaleak aktibatu ondotik, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilpena sustatzeko helburua du. Hamasei urte goragoko herritarrak bi profiletan banatuko dituzte: ahobizi eta belarriprest.

Ekimena aurkeztu zutenez geroztik egindakoaren bilduma plazaratu zuten irailaren 17an Itsasun egindako agerraldian. Horrez gain, orain arte bat egin dutenen aniztasuna erakutsi zuten Ipar Euskal Herriko hamaikakoa taldearen bidez.

Idazleak, musikariak, ikastetxeko zuzendariak, gazteak, feministak, kirolariak… "hamaika perfil, hamaika eremutatik etorritakoak, parte hartzeko hamaika arrazoiekin". Xede horien berri eman zuen partaide bakoitzak Lapurdiko herrian. Halaber, hamaika egun horietan finkatutako desafioen berri eman zuten ere norbanakoak giltza direla nabarmenduz.

Norbanako horiek izena eman dezakete irailaren 20tik aitzina. Herriz herri ekimen ezberdinak burutuko dituzte osatutako herritar batzordeek irailaren 21 eta 22ko asteburuan. Besteak beste, Ahatsa, Azkaine, Baiona, Bidarrai, Donapaleu, Donibane Lohizune, Hendaia, Irisarri eta Itsasun animazioak prestatu dituzte.

Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria eta Euskal Elkargoko euskara arduraduna ekimenean presente zegoen. Bi erakundeek Euskaraldia sustengatzeko erabakia bozkatu dute. Diru laguntza emateaz gain, beren egituren baitan proiektua gauzatzeko lanean dabiltza.