Kazeta

Urriaren 29an erabakiko da Mauleko hiltegiaren auzia

2016ko martxoan L214 elkarteak Mauleko hiltegian animaliek jasan beharreko tratu txarrez irudi bortitzak eman zituen ezagutzera. Afera honi buruzko auzia irailaren 17 eta 18an iragan zen Pauen. Prokuradoreak Gérard Clemente zuzendari ohiarentzat sei hilabeteko kartzela suspentsioarekin eskatu zuen eta hiltegiarentzat 50.000 euroko isuna, besteak beste. Deliberoa urriaren 29an hartuko da.

L214 elkarteak 2016ko martxoan argitara eman zituen Mauleko hiltegian grabatutako hainbat bideo. (Isabelle MIQUELESTORENA)
L214 elkarteak 2016ko martxoan argitara eman zituen Mauleko hiltegian grabatutako hainbat bideo. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Joan diren irailaren 17 eta 18an iragan zen “Xiberoko kabale ehogia” hiltegiaren auzia, Paueko auzitegian. Akusatuen aulkian Gérard Clemente hiltegiko zuzendari ohia eta hiru langile eseri ziren, besteak beste, animalien kontrako tratu txarrak leporatuta. Akusatu guziak eta auzian izan ez zen laugarren langile bat animalien hiltzean arauak hausteagatik ere prozesatuak izan ziren.

Epaiketan ingurumen arloko 11 elkarte izendatuak izan ziren parte zibil gisa, hauen artean bideoak publikatu zituen L214 animalien defentsarako elkartea.

Orlane Yaouanq prokuradoreak bere zigor eskaerak jakinarazi zituen: zuzendari ohiarentzat sei hilabeteko kartzela suspentsioan eta 3.300 euroko isuna; 50.000 eurokoa hiltegiarentzat, entitate gisa; eta 100 eta 300  euro artekoa hiru langileentzat. Epaiketa bi egunez iragan ondotik, epaileak erabakia urriaren 29an hartuko du.

Afera honek alimaleko oihartzuna ukan du, hastapenetik. L214 elkarteak 2016ko martxoan argitara eman zituen hainbat bideotan jasotzen diren irudi gogorrak fite hedatu ziren, eskandalu handia sortuz Euskal Herrian nahiz Estatu frantsesean. Bi urte eta erdi geroago, Paueko auzitegia jendez bete zen, tartean Estatu frantsesetik joandako kazetari andana bat zelarik.

Epaiketan hitza hartzen lehena Philippe Barret Pirinio Atlantikoetako departamenduko albaitaritza zerbitzuetako “hiltegien” ataleko burua izan zen. Bere iritziz ez da deliturik. Alta, hiltegia ikuskatzeko ardura zuen albaitariak jakinarazia zion funtzionamenduan bazirela huts egiteak, langileen lan baldintza gogorrak zirela eta arauak ez zirela betetzen. Barreten arabera, ikuskatzaileak hiltegiko zuzendariarekiko harremanean zailtasun handiak zituen eta erantsi zuenez “arauak ezarri eta betearaztea zaila zen”. Azkenerako epaileak gogor hartu eta onartu zuen ikuskaritzan zorrotzagoak izaten ahal zirela eta lana hobeki egin ahal izan zutela.

Alta, Brigitte Gothière L214 elkartearen sortzailearen ustez, Barreten lekukoak garbi erakusten du albaitaritza zerbitzuak dituen gabeziak. “Egindako txostenetan ez zen disuasiorako esku-hartze eraginkorrik izan. Zehaztasun falta orokor bat bada hiltegien aferan, %80ak ez baititu Stephane Le Foll ministro ohiak eskatutako ikuskatzeak betetzen”. Izan ere, eskandalua ezagutu zenean, Le Foll laborantza ministro frantsesak hiltegi guziak ikuskatzea galdetu zuen.

Langileen lan baldintzei buruz bereziki mintzatu zen Marie-Claude Boucher albaitaritza ikerketa nazionalaren brigadaren burua. Bere ustez, gertaerak jazo ziren aste horretan lan erritmoa azkarregia zen eta gainera, ordezkatuak izan ez ziren bi langile falta ziren. “Pazko garaia aitzin hiltegietan bildotsen tona-kopurua emendatu egiten da” gaineratu zuen Boucherrek.

Gerárd Clemente egun erretretan den hiltegiko zuzendari ohiak, urduritasunez erantzun zituen auzitegiko presidentearen galderak. Harekin batera, Arthié Gerard, Bastien Aramburu eta Christophe Larramendy langileek animalien hilketa prozesuari nahiz izandako akatsei buruz zehaztasunak eman behar izan zituzten. Defentsak bere argudioak azaldu aitzin, “Xiberoko kabale ehogia” hiltegiko egungo zuzendari Xavier Guimonek ere hitza hartu zuen.

“Langileen defentsatik harago, gure buruari galdetu behar diogu ea egun industriala den haragiaren kontsumoa erabat bateragarria den animalien ongizatearekin”, adierazi zuen Antoine Tugas hiru langileen abokatuak bere hitzartzearen amaieran.