Euskarazko jarduerak proposatzeko deialdia zabalik Hendaian

2019rako euskarazko jarduerak landu nahi dituzten Hendaiako elkarteek haien proposamenak heldu den urriaren 19a aitzin helarazi beharko dituzte Hendaiako herriko etxeko euskara zerbitzura.

Kazeta|2018/09/19 06:55|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2018-09-19_a_07
Elebiduntasun orekatuaren aldeko politikak bultzatzen ditu Hendaiako udalak.

Hendaia Euskaraz ekimenaren 10. edizioa 2019ko martxoaren 7tik 17ra ospatuko dela iragarri du Hendaiako Herriko Etxeak. Hamar egun horietako programa osatzeko bertako elkarteek haien proposamenak aurkezteko aukera irekia dute jadaneko.

Alta, aurtengo deialdiaren berrikuntza da Hendaian urtean zehar antolatzen diren aste tematikoetarako ere proiektuak aurkeztu ahalko direla. Horien artean dira Aste Urdina, Ahalmen Urritasunaren astea, Garapen Iraunkorrarena, Familiarena eta beste hainbat.

Berrikuntza honekin, Udal Euskara Batzordearen helburua euskarazko programazioa urte osoan proposatu ahal izatea da, euskara herriko bizitzaren arlo guzietan txertatzeko.

Proposamenak egiteko fitxa www.hendaia.eus helbidean telekargatu ahal da eta behin beteta, elkarteek herriko etxeko euskara zerbitzura bideratu beharko dute heldu den urriaren 19a aitzin.

Hendaia Euskaraz ekimena 2010ean jarri zen abian. Bederatzi urtez hilabete osoko egitaraua osatu izan dute “euskararen hilabetea” gisa izendatuz eta gai anitz jorratuz. Hala nola, udal zerbitzuak, saltegiak, osasungintza, transmisioa, hizkuntza gutxituak, lehen hitza euskaraz edo ingurune digitala, beste batzuen artean.

Aurten ekitaldi nagusiak 10 egunetan kontzentratzea deliberatu dute, martxoaren 7tik 17ra. Modu honetara, urteko garai zehatz batean baino, urte osoan zehar Hendaian iragaten diren bestelako ekimenetan euskarazko programazioa indartzeko erronka ezarri dute.