Kazeta

Kanboko Marieniako lurren defentsan mobilizatu dira

Joan den irailaren 15ean 200 lagun inguru mobilizatu ziren Kanboko Marienia eremuan. Salatu zutenez, tokiko hirigintza planaren berrazterketan ageri den proiektuak laborantzarako eta herrirako balio handiko lurrak galtzea ekarriko luke.

Manifestariek esku-orriak banatu zituzten larunbatean. © Isabelle MIQUELESTORENA
Manifestariek esku-orriak banatu zituzten larunbatean. © Isabelle MIQUELESTORENA

Kanboko oposizioko Nahi Dugun Herria talde abertzaleak, ELB sindikatuak eta Lurzaindiak deiturik, pasa den irailaren 15ean 200 bat pertsona batu ziren Kanboko sartzean den Marienia ordokian. Tokiko hirigintza planean aurreikusten denez, laborantzarako balio handia duten lurretatik 11 hektarea urbanizaziorako erabiliko dira eta horrek kezka nahiz haserrea eragin ditu.

"Marieniako urbanizazio proiektuari ez" eta "Eraiki orde, elikatzea hobe" zioten banderolekin, mobilizaziora bertaratutakoak lurren arteko bidearen bi aldeetan kokatu ziren, lerroan. Iragaten ziren auto gidariei esku orriak ere banatu zizkieten, tarte batez autoei bidea bera mozteraino.

Amaia Beyrie Nahi Dugun Herria taldeko kideak jakinarazi zuenez, momentu honetan bada proiektua gelditzerik: "irailaren 22ra arte idekia den kontsultan, bai kanboarrek bai lurraldeko herritarrek beren oharrak bidali edo petizioak izenpetzen ahal dituzte". Justuki, ahalik eta herritar gehienen eskaera biltzeko, azken asteetan izenpetze bilketa bat egiten ari dira.

"Espero dugu horrela hori blokatzea, bestela gero berantegi izanen baita. Lur pribatuak dira eta eraikigarri pasatzen baldin badira, oso zaila izanen da proiektu horiek blokatzea”, ohartarazi zuen Beyriek.

Izan ere, behin kontsulta publikoa irailaren 22an bukatu ondotik, proiektua onartzeko bozketa iraganen da. Hala balitz, bitan banatzen den lur eremuan eraikitze lanak berehala hasiko lirateke. Alde batean bizitegiak egitea aurreikusten du proiektuak, bestean berriz, enpresa edo lantegi gune bat.

Lurzaindiak eta ELB sindikatuak ere proiektuarekiko haien arrangura azaldu zuten. Maryse Cachenaut laborariaren arabera, bizitegien beharra ulergarria bada ere, beste aterabideak xerkatu behar dira. Horien artean aipatu ditu, hiri erdiguneetako dentsitatea handitzea edo eraiki hutsen berrerabilera sustatzea.

Horrez gain, Cachenauten iritziz, "koherentzia izateko, kalifikatutako eremuak optimizatzeko eta laborantza lurrak mantentzeko" planifikazio baterako gogoeta Euskal Elkargoaren eskalakoa izan behar da, ez herri edo eskualde bakoitzaren baitakoa.

Kritiken aitzinean, Frédéric Bardin hirigintza kontseilariak lur eremu hauek estrategikoak direla adierazi du, bizitegiak eta enpresentzat gune bat eraikitzearen garrantzia berretsiz. "Programa batekin izan ginen hautatuak eta hori lortzeko ari gara lanean".