Datorren irailaren 30ean Forondan izanen den Alderdi Eguna aurkezteko Ipar Buru Batzarrak Baionan irailaren 13an eskaini zuen agerraldian Euskal Elkargoa kritikatu zuen, "berriki eraiki Euskal Elkargoak mugaz gaindiko harremanarentzat axola gutti erakusten duelako", Garako artikuluak azaldu duenez.
Aurtengo edizioari begira, "euskal herritarren arteko elkarlana bultzatzen duen Alderdi Eguna azpimarratu" zuen Pako Arizmendik. Ipar Buru Batzarreko lehendakariaren iritziz, "Alderdi Egunaren izpiritua beharrezko da jendeak duen muga mentala gainditzeko".
"Muga gainditzea" zer den adierazteko adibide grafikoa ezarri zuen Arizmendik: "Hendaian, Bidasoa zeharkatu eta Euskadin gelditu, herrialde batetik bestera pasatzeko inpresioa ukan gabe".
"Urkullu eta Etchegarairen arteko harremanak hotzak" direla ametitu arren, mugaz gaindiko lankidetza indartu behar dela aldarrikatu zuen Arizmendik, zeren "gure buruari mugak jarriz gero, hobekuntza eta garapena gutxitzen da".
Ipar Buru Batzarraren aburuz, "Euskal Elkargo berriak Hegoaldearekin lankidetza bultzatzeko gogoa indartu behar du".