SNCFk Urruñan etxe bat erosi izanak alarma piztu du

CADEk (Euskal Herriko eta Hego Landetako ingurumenaren defentsarako elkarteen kolektiboa) salatu duenez, SNCF tren sareak etxe bat erosi du Urruñan. Auzi honi loturik, Geneviève Latxague SNCFko ordezkariak Mediabask kazetaren zenbait galderei erantzun die.

Kazeta|2018/09/13 07:05|0 iruzkin
Aht-tav
AHTren kontrako ekimena.

650.000 euro. Hori da SNCFk norbanako bati bere etxea erosteagatik ordaindutakoa. Urruñako Mendi Xoko auzoan den 180 metro karratuko eraikina Abiadura Handiko Trenaren (AHT) bidean kokatua da. Erosketa honek CADEren eta hainbat hautetsiren artean alarma piztu du. Haien ustez, honek erakusten du AHT ez dela batere baztertua.

SNCFn prentsarekin harremanak egiteaz arduratzen den Geneviève Latxaguek Urruñako etxearen erosketaz xehetasun gehiago eman ditu Mediabaski egin adierazpenetan. SNCFk eraikina erosteko izaten ahal duen interesaz galdetuta, Latxaguek dio etxeen erosle posibleek gibelera egiten dutela bertatik AHT pasatzen ahal dela jakin bezain fite eta ondorioz, etxejabeek ezin dutela beren etxea saldu.

Ildo horretan, 2013an Akitania Berriko eskualdea, Estatu frantsesa eta SNCFren artean finantzaturiko funts bat sortu zen, honen xedea lurrak laster erostea delarik. “Gure funtsa ez da sortu SNCF sarearen intereserako. Jende hauek etxeak saltzeko arazoetan zirelakoz erosi dugu beren ondasuna”, azaldu du.

Proiektuaren kontrakoen arrangura zein salaketak heldu direlarik, hauen aitzinean, SNCFko ordezkariak argi utzi nahi izan du nehoiz ez dela errana izan proiektua baztertua zenik. Bere hitzetan, orain erabaki politikoen fase batean dira, zeinean proiektuarekin aitzina jarraituko den edo ez erranen zaien. “Mugikortasun legeak proiektu handien geroaz erabaki behar du. Ez dira lurperatzen ezta berriz hasten ere: erabakien zain gara”, berretsi du.

Estatu frantsesean trenbide sarearen monopolioa duen konpainia oraingoz eraikina baldintza onetan atxikitzen entseatuko da. Latxagueren hitzetan, AHTren proiektua egin eta arrakasta izango balu, etxea eraitsiko lukete, gainerakoekin egin izan duten gisan. Alta, proiektua egingo ez balitz, SNCFk berriz salduko luke.

Halako zenbat erosketa egin dituzten galdeturik, Pirinio Atlantikoen departamenduan 2013tik hiru izan direla aitortu du, baina ez du hauen kokapenaren berri eman nahi izan.