Aquariusek kasik 30.000 pertsonaren bizia salbatu du

2016tik aitzina, SOS Méditerranée eta Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeek (GKE) erabiltzen dute Aquarius erreskate ontzia. Klaus Vogel bere kapitaina Baionan izan da “Migranteek ez dakite igerian” filma aurkezten eta Mediabask kazetari bere hausnarketak eskaini dizkio.

Kazeta|2018/09/13 14:05|0 iruzkin
Aquarius
Aquarius erreskate ontziaren irudia. (Karpov / SOS MEDITERANEE)

Aquarius ontziak 2018. urte honetan nazioarteko arreta piztu du. Mediterraneo itsasoan 629 migrante erreskatatu ondotik, Gobernu italiarrak bere portuetan lehorreratzea ukatu zuen. Egoera horrek Europako estatuen artean lehendik zetorren krisia areagotu besterik ez du egin.

61 urteko Klaus Vogel Aquariuseko kapitainak bere bizia ontziari eta erreskate lanari eskaintzea deliberatu zuen. Europako estatuen eta oro har herritar europarren erreakzio ezak bultzatu zuen horretara. Bere hitzetan, Mediterraneoan gertatzen ari denaz marinelek badute ardurarik eta berak zerbait egiteko beharra sentitu zuen.

Urteotan kasik 30.000 pertsonen bizia salbatu dute erreskate ontziaren bidez. Egoeraren larritasunaz ohartarazi du Vogelek: “Jendea etengabe ari da ontzi hauskorretan itsasora jotzen eta une honetan Mediterraneoan hiltzen diren pertsonen portzentajea iazkoa baino handiagoa da”.

Portuak hesteko Gobernu italiarraren erabakiak are gehiago zaildu du erreskate baten ondotik portu seguru batera iristea. “Beste estatu batzuen kolaborazio ezagatik Italiaren egoera zaila da, baina onartezina da portuak hestea. Europa mailan epe luzeagoko koordinazioa behar da urgenteki, baita Libiako egoera onartezinari buru egiteko ere”, erantsi du.

Ildo horretan, Libiako Saharaz hegoaldeko pertsonen egoera izugarria da, beldurtzeko modukoa, kapitainaren arabera. Herrialdean haustura militarrak daudenez, ihes egiteko duten aukera bakarra Mediterraneoa da eta hura blokatu ezkero, heriotza segurua litzateke.

Marine Le Pen FNko buruak berriz, kontrabandorako mafiei lagundu izana leporatu izan die erreskatean dabiltzanei. Kapitaina asaldaturik mintzo da: “horiek gezur hutsak dira. Gu kontrabandisten kontra gaude, baina ez gaude prest jendea Mediterraneoan hiltzen uzteko. Ezin da Europarako sartzea blokatu”.

Vogelek ez zekien Euskal Herriko Aita Mari ontzia agorrilean Mediterraneora abiatu behar zela erreskate lanak egitera. Hori jakinda, kontent azaldu da eta gaineratu du halako beste ainitz behar direla antolatu. Beste GKE batzuei dei egin die gauza bera egin dezaten eta segur agertu da Malta eta Italiak ezingo lituzketela portuak hetsita mantendu GKE gehiago inplikatuko balira.