Kazeta

Kazetarien kontrako erasoak Hondarribiko alardean

Jaizkibel konpainia mistoko partaideak iraintzeaz gain, beren lana egiten ari ziren hainbat kazetarik ere erasoak jasan behar izan zituzten emazteak baztertzen dituen alarde zaleen aldetik. Bortitzena Antxeta Irratiko kazetariak pairatu behar izan zuen. Kazetarien Euskal Elkargoak eta Elkarteak gogor salatu dituzte eraso hauek guziak.

Hondarribian egiten den alardean, Jaizkibel da konpainia parekide bakarra. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Hondarribian egiten den alardean, Jaizkibel da konpainia parekide bakarra. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Azken urtetako tentsio unerik handienak bizi izan ziren joan den irailaren 8an Hondarribiko karriketan. Tradizioaren izenean emazteak alardean baztertuak izanki, jadaneko hogei urtetik goiti iragan dira Jaizkibel konpainia mistoa eratu zenetik. Aurten 600 emazte eta gizon izan dira desfile mistoan partaide, inoiz baino gehiago. Alta, emazteak baztertzen dituen alardearen jarraitzaileek plastiko beltzak ezarri zituzten konpainia mistoa iragandakoan, txistu eginez eta bortizki irainduz. Parte hartzaileen erranetan, tentsio maila ikusirik, haurrak eta gaztetxoak desfiletik atera behar izan zituzten.

Tentsio emendatze horren lekuko da aurten kazetariek ere eraso andana jasan behar izan dituztela. Horien artean larriena Euskal Irratiak federazioko partaide den Antxeta Irratiko kazetariaren kontrakoa. Bere lana egiten ari zela, alarde baztertzailearen jarraitzaile bat hurbildu zitzaion, irainduz lehenik eta sakelako telefonoa lurrera botaz ondotik. Berria, El Diario Vasco edota EITBko kazetariak ere iraindu eta bultzatuak izan ziren, haien kamerak estaltzen entseatzen ziren bitartean.

Kazetarien Euskal Elkargoak eta Kazetarien Euskal Elkarteak agiri baten bidez eraso hauen berri eman eta salaketa gogorra egin dute. “Onartezina da hedabideak eta bertako kide zein langileak ez errespetatzea beraien lana egiten ari direnean. Kazetarien lana, eta kazetariak beraiek, gizarte demokratiko eta parte hartzaile bat bermatzeko ezinbestekoak dira, eta biztanleen oinarrizko eskubideak bermatzeko behar-beharrezkoak: adierazpen askatasuna eta informazio askatasuna zein iritzi kritiko propioa eraikitzeko eskubidea”, adierazi dute.

Elkarte hauek elkartasun osoa adierazi diete erasoak jasan behar izan zituzten kazetari, argazkilari eta langile guziei eta bere lanean errespetatuak izan daitezen exijitu dute. Gisa berean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari eta instituzioei eskatu diete har dezatela kazetariak babestu eta defendatzeko engaiamendua, oroitaraziz erasoak gertatu ziren une eta lekuan ehunka ertzain zeudela.