Kazeta

Andere Serora pastorala bigarrenez eskainiko dute Hiriburun

Joan den ekainaren 3ko lehen emanaldiak izandako arrakastaren ondotik, Andere Serora pastorala bigarrenez eskainiko dute heldu den irailaren 16an Hiriburun. Egun osoko egitaraua antolatu dute Hiriburu Pastorala 2018 elkarteko kideek.

"Andere Serora Hiriburun" pastoralaren errepika bat. ©Isabelle Miquelestorena
"Andere Serora Hiriburun" pastoralaren errepika bat. ©Isabelle Miquelestorena

Andere Serora pastorala bigarrenez eta azkenekoz ikusgai izanen da Hiriburun heldu den irailaren 16an, igandearekin. Emanaldiari arratsaldeko 15:30ean emanen zaio hasiera, herriko frontoian ezarriko duten aterpe handian.

Pastoralak Hiriburuko zortzi mendeko historia proposatzen du. Andere Seroraren pertsonaia hartzen du protagonista eta lekuko gisa, garaian etxeko errituak zaintzen zituen pertsona publikoa. Zortzi mendeko ibilbidea hainbat partetan banatuta dago: Erdi Aroko “Beltzuntzen eta herensugearen legenda”; Frantziako Iraultza aitzin; Iraultza eta bere ondokoa; Lehen Mundu Gerraren ondokoa; eta, azkenik, Andere Seroraren heriotza.

Aktore, kantari eta dantzariekin, 150 pertsonek parte hartzen dute pastoralean. Antolatzaileek erran dutenez, aktoreak biziki motibatuak dira eta ekainerako egin zuten gisan, indar bereziz ari dira prestatzen bigarren emanaldi hau ere. Lehenean, prestatutako aterpe guzia jendez bete zen eta publikoak berotasun handia erakutsi zuen.

Irailaren 16ko emanaldia ere arrakastatsua izateko, prestaketa lanetan dira jada. Aitzineko bi igandeetako entseguekin hasiak dira eta ostiral gauetan ere beste zonbait errepika berezitu eginen dituzte herriko plazan.

Egun osoko egitaraua

Egunari aktore, musikari eta kabalen desfilearekin emanen zaio hastapena, goizeko 11:00tan Hiriburuko Lissagueko kaperatik abiatuko delarik, Plaza Berrin Mutxikoekin bururatzeko.

Ondotik 300 lagunendako bazkaria zerbitzatuko dute. Nahi duenarentzat bazkarirako txartelak Hiriburuko Herriko Etxean edo hiriburupastorala.repas@gmail.com emailean eskuragarri izanen dira.

Pastoralari, erran bezala, arratsaldeko 15:30ean emanen zaio hastapena. Jende ainitz espero dutenez, sartzeak eskuratzeko aukera ideki dute jada. Leku hauetan eskuratu ahalko dira: Hiriburuko Herriko Etxea, Elkar liburudenda (Baiona), Xuriatea ostatua (Hazparne), Kukuxka liburudenda (Donibane Garazi), Oronos Spar (Baigorri) eta Xibero Bio (Maule).