Kazeta

Euskal Herriko Laborantza Ganbara sustengatzeko kanpaina

Irailaren 10etik urriaren 7ra bitarte, lau astetan zehar, Euskal Herriko Laborantza Ganbara sustengatzeko sos bilketa kanpaina eginen da. Sortu zenetik, proiektua nabarmen indartu da eta dituzten erronka berriei buru egiteko 1000 emaile lortu nahi dituzte.

Irailaren 10etik urriaren 7ra martxan jarri dute diru bilketa. ©Isabelle Miquelestorena
Irailaren 10etik urriaren 7ra martxan jarri dute diru bilketa. ©Isabelle Miquelestorena

Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG) 2005ean sortu zen, laborarien bultzadarekin eta gizarte zibilaren laguntzarekin. Urte luzetako eskari eta borrokaren ondotik ikusi zuen argia proiektuak. Alta, aski ezagunak dira Estatu frantsesak ezarri zituen oztopoak. Hasteko, Euskal Herrirako laborantza ganbara baten sorrera ukatu zuen eta ondotik, laborariek proiektua sortzeko egin aitzinamenduak eten nahi izan zituen, Michel Berhokoirigoin lehendakaria bera auzitegietara eramanez.

Egun ere badira eragozpenak. EHLGk oroitarazi du euskal laborarien 1.500.000 euroko zergak Pirinio Atlantikoetako departamenduko ganbarara isuriak direla eta EHLGk ez duela zerga horietatik finantzamendu automatikorik jasotzen. Ildo horretan, azpimarratu egin dute egunean eguneko lana sos emaileei esker segurtatzen ahal dutela, egungo buxetaren %18koa delarik.

Alta, proiektuak eta eskaintzen dituen zerbitzuak emendatze azkar bat izan dute eta ondorioz, beharrak ere handitu dira. Datu gisa, sortu zelarik elkarteak 3,5 langile zituen eta egun 19 ditu. 2018. urte honetako 850.000 euroko buxetak ere erakusten du proiektuak hartu duen dimentsioa.

Sos bilketa kanpaina eta emaileak

Sos bilketa kanpainak 4 aste iraunen du: irailaren 10etik urriaren 7ra, hain zuzen. Euskal Herriko Laborantza Ganbara diruz sustengatzeko webgune bat sortu dute. Bere laguntza eskaini eta donazioa egin nahi duen orok www.ehlgbai.org helbidean eta Facebook orrian aurkituko ditu argibide guziak. Euskaraz gain frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez jarri dituzte.

Emaile gehiago lortuz, hiru beharrei eman nahi diete erantzuna. EHLGk ahal gehiago izatea laborantza herrikoirantz bideratzeko, proiektuak gauzatzeko, horien bitartez finantzabide publiko gehiago lortzeko, eta erakundeen laguntzek betetzen ez dituzten beharrei erantzuteko. Sortuz geroztik, ehunka sos laguntzailerekin kontatzen du, izan laborari, kontsumitzaile edo lantegi, izan Euskal Herrikoak edo kanpokoak.  

“2005az geroztik, gure akziodunak elkartasunezko urrats aktibo honetan parte hartzera gonbidatzen ditugu, laborariak, kontsumitzaileak eta natura errespetatzen dituen laborantza modelo hau laguntzeko”, adierazi dute Jean-Michel Berra eta Timothée Acheritogarai Sokoako enpresaburuek. “Gure laguntza jarraitzeko xedea dugu eta diru bilketa deialdian aktiboki parte hartzeko gogoa dugu”, erantsi dute biek ala biek.

Urteotan hainbat sail jorratu izan ditu elkarteak. Besteren artean, aipagarriak dira Errobiko uraren kalitateari buruzkoa, Natura 2000 eta bioaniztasuna edota ekoizpenak nahiz kontsumoa birtokiratzeko egitasmoak (Herriko ogia, Herriko haragia...). Ez da ahantzi behar ere, laborariak eta hiriko jendeak elkartzen dituen Lurrama ekitaldiaren egile nagusia dela EHLG.

“Memento garrantzitsu batean gira. Euskal Hirigune Elkargoa plantatzen ari da, jendartea tokiko janari gosez da, bizi den herri bat nahi du, non paisaia eta ingurumena babestuak diren. Hots, laborantza herrikoia aldarrikatzen du”, dio elkarteak igorritako agirian. Hori dela eta, EHLGk behar dituen ahalak lortzeko tenorea dela adierazi dute.