Kazeta

Behartutako desagertuentzat egia eta erreparazioa galdegin ditu Foro Sozialak

Euskal Herriko Foro Sozialak “egia eta erreparazioa” galdegin ditu gatazka politikoaren baitan izandako behartutako 7 desagertzeren kasuan. Desagertu ziren garaietan egin ziren ikerketen gabeziak behingoz gainditzeko behar diren tresna guziak ezarri behar direla erran du bake prozesuaren aldeko elkarguneak.

Nekane Alzelai eta Agus Hernan, Foro Sozialeko kideak. (FOKU)
Nekane Alzelai eta Agus Hernan, Foro Sozialeko kideak. (FOKU)

2011. urtetik, agorrilaren 30a Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko eguna da. Data honen karietara, Euskal Herriko Foro Sozialak gatazka politikoaren baitan izan diren behartutako desagertzeei buruzko bere irakurketaren berri eman du agiri baten bitartez.

Zehazki, José Humberto Fouz, Jorge García Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga galiziarrak, ETA politiko-militarreko kide zen Eduardo Moreno Bergaretxe “Pertur”, Tomás Hernández, José Miguel Etxeberria “Naparra” eta Iparretarrak erakundeko kide zen Jean Louis “Popo” Larre dira desagerturik diren pertsonak. Kasu horiek guziek argitu gabe jarraitzen dute oraino.

“Behartutako desagertzeak larritasun handikoak dira, eta tamainako erantzuna behar dute erakunde, gizarte zibil antolatu eta alderdi politikoen aldetik. Helburuak izan behar du zazpi pertsona hauen senide eta lagunek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea, behingoz bermatzea”, adierazi du Foro Sozialak bere agirian.

Ildo beretik, memoriari eta bizikidetzari dagokienez, biktimek egia jakiteko duten eskubidea gauzatua izatea, bere oinarria eta lana izango dela berretsi du Foro Sozialak. Izan ere, bake prozesuaren aldeko elkarguneak uste du biktimekiko justiziarako, aitortzarako eta ez errepikapenerako mekanismo egokiena dela egia jakitea.

Gaur gaurkoz zazpi pertsona hauek non diren eta zergatik desagertu ziren ez jakiteak mina eta sufrimendu handia eragiten dituela oroitarazi ondotik, “ikerketen gabeziak behingoz gainditzeko behar diren tresna guziak eskaini behar direla” aldarrikatu du Foro Sozialak.

Argitzeke diren zazpi kasuak

José Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan García Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga galiziarrak 1973eko martxoan Biarritz eta Donibane Lohizune artean desagertu ziren. Hiru gazteak Irunen bizi ziren eta 1973ko martxoaren 24ean Lapurdiko kostaldera joan omen ziren. Alta, ez ziren haien etxera itzuli eta ordutik haietako bakar bat ere ez du nehork bizirik ikusi.

Desagerpen honen inguruan inongo erakundek ez du aldarrikapen publikorik egin izan. Nahiz eta hiru galiziarren senideek Estatu espainiarrean akzio penalak plantan ezarri zituzten, inkesta judizialek ez dute nehoiz emaitzarik eman. 1974an Donostiako epaitegi batek eta 2005ean Estatu espainiarreko Auzitegi Nazionalak inkestak abiatu bazituzten ere, itxi egin zuten kasua.

Hiru urte berantago, 1976ko uztailaren 23an, ETA politiko-militarreko kide zen Eduardo Moreno Bergaretxe “Pertur” donostiarra desagerrarazi zuten Pausun. Iturri ezberdinen arabera, bezperan Donibane Lohizunen biharamunean elkartzeko hitzordu misteriotsu baterako deia jaso zuen. Solaskidea ez zenez agertu, bertatik alde egitea erabaki zuen. Handik Pausura joan behar zuen eta bertara eraman zuten burkideak izan ziren azkenekoz hura ikusi zutenak.

Handik egun batzuetara Triple A eta Batallón Vasco Español (BVE) erakunde parapolizialek bere bahiketa eta erailketa aldarrikatu zituzten, ETA (pm)-k ardura estatu terrorismoari egotzi zion bitartean. Urte luzez inkesta judiziala itxita egon bazen ere, 2008an berriz ireki zen, senideek aurkeztu zuten kereilaren ondotik. Agertu arte delitua ez da preskribatuko terrorismo delitutzat hartua baita, baina Estatu espainiarreko Auzitegi Nazionalak 2012an itxi zuen kasua.

Bestalde, Tomás Hernández errefuxiatua Hendaian desagertu zen 1979ko maiatzaren 15ean. Garaiko zenbait kazetaren arabera, Tomas Hernandez, polizia ohi batek tiroz egindako atentatu baten lekuko izan zen. Zaragozan sortua, Estatu espainiarreko gerra zibileko garaitik zen errefuxiatua. Inkesta judizialik ez da zabaldu izan eta nehork ez du bere gain hartu izan desagerpen honen inguruko ardura.

Handik urtebetera, Iruñean sorturiko José Miguel Etxeberria Alvarez “Naparra” Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea desagertu zen Ziburun, 1980ko ekainaren 11n. Egun hartan Ziburura joan behar zuen topaketa batera. Bere autoa han aurkitu zuten eta geroztik ez da gehiago jakin hari buruz. BVE erakunde parapolizialak jakinarazi zuen bahitu, erail eta Donibane Lohizuneko Xantako auzoan ehortzi zuela.

Bilaketan senideek ez zuten aurkitu eta BVEk ohar gehiago bidali izan zituen bere gorpua lurperatua zegoen beste leku batzuk adieraziz. Auzitegi frantsesek inkesta bertan behera utzi zuten 1982an. Alta, 2016an Mont-de-Marsan ondoko harizti batean zegoela azaldu zuen estatu terrorismoarekin lotura duen ezezagun batek. Senideen eskariz, Estatu espainiarreko Auzitegi Nazionalak kasua berriz ireki zuen eta bilaketa lanei ekin zitzaien, gaur gaurkoz emaitzarik gabe. Kasuak zabalik jarraitzen du.

Jean Louis “Popo” Larre Iparretarrak erakundeko heletarra berriz, 1983ko agorrilaren 7an Leonen (Landak) desagertu zen. Egun hartan, Leongo kanpaleku batean jendarmeek IK erakundeko kideen kontrako tiroketa hasi zuten eta hauek ihardetsi zieten. Dena dela, Popo Larre tiroketa hasi aitzin Landetako oihanean barna sartu zen eta geroztik ez da haren berririk. Polizia frantsesak sekulako operazioa jarri zuen abian, helikoptero, zakur eta talde bereziekin ingurua setiatuz.

2000. urtean Leongo tiroketari buruzko epaiketa burutu zen Parisen, baina epaileek sumarioa haien eskuetan izan bazuten ere, ez zuten urrats ttipiena ere egin. Gainerako IK-ko kideak zigortu zituzten, baina epaileek Popo Larre prozesu hartatik kanpo utzi zuten, modu harrigarrian.

Larreren desagertzea beste desagertze batekin lotu zen gerora. Leongo tiroketatik egun batzuetara inguruko hondartza batean itota hil zen Pascal Dumont 15 urteko gaztea. Jendarmeek Carbon-Blanc herriko hilerrira lurperatzera eraman zutenean, haren gorpua ikusita burasoek ukatu egin zuten hura beren semea izaten ahal zenik, hilotza adin nagusiagoko gazte batena izaki. Poliziaren presioak jasan zituzten orduan eta gerora. Carbon-Blancen ehortzitako hilotza Popo Larrerena izaten ahal zela eta, 2003an miaketak agindu zituen Bordeleko epaile batek, baina IK-ko kideek hilobia ireki eta hezur bat eramana zuten aitzinetik, laborategi batean DNA frogak egiteko. Azterketak ez zuen emaitzarik eman. Egun ez da inkesta judizialik zabalik eta “Non da Popo?” luzaz egindako galdeak erantzunik gabe segitzen du.